Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

New Yorkeko punka, umezurtz

$
0
0
Erabileraren gaindosia dela eta, tentuz eta mesfidantzaz hartzekoa izaten da sarri aitzindari hitza. Ez dira horrenbeste beren garaiari aurreratutakoak, beste batzuentzat bideak ireki eta ordura arte zapaldu gabeko eremu labainkorretan murgiltzen direnak. Alan Vega bai. Suicide talde-bikoteko kide gisa, Vegak punka neurri batean sortu, hura irauli eta pop teknifikatuaren zutabeak eraiki zituen. Dena disko bakar batekin. Vega (New York, 1938), 1970eko hamarkada hartan etxe orratzen hirian mamitu zen musika mugimendu ikonoklastaren izen handia, larunbatean hil zen lo zegoela. 78 urte zituen.

New York irakiten zegoen eltze bat zen 70eko hamarkadan, eta eltze horretan sortu zuten Suicide Vegak eta Martin Revek. The Stooges miran, baina tresnak oso bestelakoak: lehengoaren ahotsa eta probokaziorako joera eta bigarrenaren teklatuak eta musikalitatea. Emaitza ere proposamenaren neurrikoa izan zen: hipnotikoa eta monotonoa. minimalista eta zenbaitetan disonantea. Suicide (1977) estreinaldiak oso ondo definitu zuen taldearen soinua, baina, gainera, erakutsi zuen Vega / Rev bikoteak bazuela balada ederrak egiteko gaitasuna ere (Cheree).

Agian, horregatik, bigarren diskorako (Alan Vega & Martin Rev, 1980) Ric Ocasekek taldearen soinua leundu nahi izan zuen. Dena dela, Suicidek segitu zuen izaten underground-eko taldea, eta bikotearen oihartzuna beste parametro batzuetan neurtu behar da. 80ko hamarkadan sortu ziren synth-pop taldeetako askok zor diote beren sorrera Suicideri —nabarmenena Soft Cell—, baina musika industrialean ere jarraitzaileak edota ahaideak izan zituen —Cabaret Voltaire, Throbbing Gristle—.

Gerora bakarkako diskoak eta Suicideren noizbehinkako itzulera diskoak tartekatu zituen Vegak, eta iaz —ordurako osasunez pattal— Suicideren omenezko kontzertu batean parte hartu zuen.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik