Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Eskolak kantu inprobisatuan duen eginkizuna aztertu dute

$
0
0
Kantu inprobisatu adierazpideak hizkuntza gutxitu bat duten kultura askotan aurkitu daitezke, eta gai horri heldu dio Europa Bat-batean egitasmoak azken jardunaldi akademikoan. Aurretik eginiko hitzaldien hizlariak mahai inguru batera gonbidatu zituzten atzo, Donostiako Miramar jauregian, Pablo Suberbiolaren gidaritzapean. Moderatzailearen hitzetan, «estaturik gabeko hizkuntzak» bildu dituzte; horregatik, Marta Souto galiziarra, Albert Casals katalana, Eurig Salisbury galesa eta Miren Artetxe euskalduna aritu dira eztabaidan. Hizkuntza gutxituekin lotuta, eskolek horien erabilera eta ezagutza bultzatzeko betetzen duten eginkizuna ere aztertu dute.

Eurig Salisbury poeta da, eta Aberystwyth unibertsitateko irakaslea da ikasketa galestar eta zeltikoen sailean, sormenezko idazketan. Galeseko eskoletan bertako hizkuntza eta poesia ez direla bultzatzen azaldu du poetak, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Euskal Herrian ez bezala. Gaur egungo hezkuntzan Galeseko poesiak ez du ia tokirik, eta «garrantzi handiagoa» eman beharko litzaiokeela uste du.

Galizian eta Herrialde Katalanetan, ordea, eskola barruan aurkitu daiteke kantu inprobisatua, baina ea hori kanpora eramaten den planteatu du Suberbiolak. Soutok esan du eskola kanpoan taldeak sortu direla, eta talde identitatea badagoela. Casalsek, berriz, talde gutxi batzuk bakarrik daudela adierazi du: «Katalanak oso ondo proiektatu gara munduan, baina bekaitzez begiratzen diegu bertso eskolei».

Hizkuntza gutxituak hautazkoak izan ohi direla iruzkindu du moderatzaileak, eta kantu inprobisatuak hautu hori indartzen ote duen galdetu die hizlariei. Casalsen ustez, glosak hizkuntzaren ezagutza maila handiagoa eskatzen du; kultura erregistro bikainenetan edo apalenetan aurkitu daiteke. Arteak hizkuntzari lagundu diezaiokeela azaldu du Salisburyk, eta laguntza hori beharrezkoa dela; «Ingelesa munduko hizkuntzarik boteretsuena da, eta haren aurka ari gara borrokatzen Galesen».

Eskoletatik haratago

Publikoak ere izan du eztabaidan parte hartzeko aukera, eta txirularekin alderatu ditu entzule batek eskoletan kantu inprobisatua irakasteko egitasmoak; eskola guztietan irakasten da txirula jotzen, baina inor ez da txirulari bilakatzen. Kantu inprobisatuarekin gauza bera ez ote den gertatuko planteatu dute, eta Casalsek honela erantzun du: «Ikasleentzat eguneroko tresna bat gehiago bilakatu da kantu inprobisatua». Miren Artetxe bertsolari eta euskal filologoak ere antzeko iritzia adierazi du: «Bertsolaritzaren metodologia salbuespena den bitartean, ez da soilik ikasgelan geratuko». Beste hizlariek ere uste dute «txirularen sindromea» ez dela gertatzen kantu inprobisatuan; izan ere, «inprobisazioarekin ikasleak dira protagonistak, sortzaileak».

Baina eskolek eta instituzioek eskumen handia dutela iruzkindu du beste entzule batek, kantu inprobisatua eta hizkuntza bultzatzeko eginkizuna hauei delegatzen zaiela. Horri erantzunez, Artetxek herritarrek izan duten eginkizuna nabarmendu du, eta antzeko zerbait azaldu du Casalsek; izan ere, herrigintzaren bitartez lortu da instituzioek kantu inprobisatua eskoletako ikasketa planetan sartzea. Souto ados agertu da kritikarekin; Galizian aldaketa politikoa dagoen bakoitzean egitasmoa ahuldu egiten dela azaldu du. «Galiziako instituzioek kultura bultzatu behar dute, eta herritarrek, aldi berean, hura barneratu», esan du galiziarrak. Instituzioek kultura eskoletan txertatu behar dutela dio Salisburyk, baina hori lortutakoan eskoletatik haratago joan behar dela ere gehitu du.

Horretaz guztiaz gain, kulturako beste arloekin izan behar den harremanaz aritu dira hizlariak mahai inguruan; ahozkotasuna antzerkiaren, kontalarien eta poesiaren bitartez ere lantzen da. Galizian inprobisatzearekin hasi ziren, baina «askoz haratago» joan behar zirela ikusi zuten, Soutok azaldu duen bezala. Ondare handia dagoela ikusi zuten, eta kontalaritzarekin, slam-arekin eta antzerkiarekin elkarlanean ari dira ahozkotasuna sustatzen. Casalsen hitzetan, «glosa ahozkotasunaren beste adierazpen batzuetara irekia dago», eta musika eta dantza dagoeneko kantuarekin batera egiten direla adierazi du.

Mahai inguru horrekin amaitu zen atzo Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketaren atal akademikoa, baina inprobisazio saio bat geratzen da oraindik. Gaur bilduko dira Donostiako Kursaalean topaketan egon diren inprobisatzaile guztiak, arratsaldeko zazpietan.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik