Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Barneko sentimenduen eztanda

$
0
0
«Gizakiak huts egin dio gizarteari». II. Mundu Gerraren ostean hitzen bidez adierazi zuena bere sorkuntzaren bitartez ere islatu zuen Jacques Pajak artista frantziarrak (1930-1965). Hastapenetan abstrakzioak eta hutsuneak erakartzen bazuen ere, 1960tik aurrera batez ere, gizakiaren iluntasuna margotzeko beharra sentitu zuen, ia munstro modura irudikatuz. Lizarrako (Nafarroa) Gustavo Maeztu museoak aurten mende laurdena beteko duela ospatzeko, Jacques Pajaken bilakaera hori azaltzen duten hemezortzi margolan batzen dituen erakusketa egongo ikusgai abuztuaren 31 bitarte.

Poloniako etorkin baten semea zen Pajak. Estrasburgon (Frantzia) sortu zen, baina Parisen igaro zituen bere bizitzako urte gehienak. Artearen diziplina ugari landu zituen: pintura, dekorazioa, diseinua, grabatuak eta litografia, besteak beste. Dena den, margolanei esker egin zen nazioartean ezagun.

Pajaken sorkuntzan, II. Mundu Gerrak izugarrizko arrakala eragin zuen. Gudak barnean eragindako sentimendu eraldaketa islatzen duten margolanak Maeztu museoko erakusketa aretoko alde banatan ezberdindu dituzte. Eskuinaldean daude munduaren ikuskera positiboagoa zueneko koadroak. Ezkerraldean, aldiz, gizakiaren izaera ankerrak eragin zion barne tristura agerian uzten dutenak. Artistak behin eta berriz azaleratzen du margolanen bidez unean-unean jazotzen denak barnean sorrarazten dion sentimendua.

Izan ere, Jacques Pajak zerbaitetan maisu izan bazen, barne sentimenduak azaleratzen izan zen. Gizakiaren okerrez jabetu gabe zegoen garaian egindako lanek baikortasuna islatzen dute, betiere abstrakzioa abiapuntu duela. Camino Paredes Maeztu museoko zuzendariaren irudiko, «hizkuntza erabat lirikoa» baliatzen du lan horietan. Behin eta berriz, hutsunearekin eta koloreekin jolasean dihardu. Azalean obra arinak diren arren, barnera begira sentimenduz betetako mezua dute. «Sarritan, emozio piktorikoz betetako aura moduko bat eratzen du kolore argiz egindako lerro arin zein sendoez, betiere sorkuntzetan espazioen arteko harmonia galdu gabe», azaldu du Paredesek.

Koadroak txikiak izan arren, ikuslea ez dute inolaz ere hotz uzten. Ondo baino hobeto lortzen du sorkuntzak helburua: emozioak eragitea, alegia. Erakusketara sartu ordurako ohartzen da horretaz ikuslea. Izan ere, ikusgai dagoen lehenengo koadroan —museoan dauden hemezortzi lanek ez dute izenbururik—, lerro urdin, gris eta zurien bidez egindako kiribilekin askatzen ditu sortzaileak barnean dituen korapiloak. Zenbaitetan, errazagoa da horiek askatzea, eta horregatik marrazten ditu lerro finak. Zailtasun handiagoa eragiten diotenak irudikatzeko, berriz, lerro lodiagoak baliatzen ditu.

Abstrakzioaren bideak Pajakentzat mugarik ez duela ematen du. Baina XX. mendeko artistak lantzen zuten sorkuntza abstraktua pixkanaka indarra galtzen hasi zen. Paredesek esan duenez, II. Mundu Gerra amaitutakoan, arte abangoardiak «hunkitu», eta adierazgarriagoak ziren abstrakzio moduak gailendu ziren. Izan ere, krisi garaia zen, balioen krisi garaia. «Artistak zioen bezala, gudaren ostean agerian gelditu zen gizartearen aurrean gizakiak hanka sartu zuela».

Horregatik, hainbat artistak proposatu zuten artearen sorburuei berriro ere heltzea. Irakaspen akademikoak gainditu, eta margotzeko modu automatikoagoa erabiltzeko proposamenak gailentzen hasi ziren. Horiekin bat egin zuen Pajakek, eta apurka munduaren ikuskera ezkorragoa islatzen hasi zen bere sorkuntzan, 1960ko hamarkadatik aurrera batez ere. «II. Mundu Gerran egindako okerrak errepikatzen hasi zen gizakia, eta horrek eraldatu zuen Pajaken margotzeko modua», adierazi du Paredesek. Hala, abstrakziotik urrundu, eta figurazioaren bideari heltzen hasi zen, betiere espresionismoa joera artistiko zuela.

Estiloa aldatu zuen, baina, ordu arte bezala, sentimenduetatik abiatuta jarraitu zuen margotzen Pajakek. Maeztu museoan ikusgai dauden obrak heterogeneoak dira, sarritan ordenarik eta loturarik gabekoak. Nabarmena da figurazioa pixkanaka garatuz joan zela. Hala ere, gizakiak munstroen pare kokatzen ditu. Karga dramatikoz beteak ageri dira, bizi diren garai ilunaz jabetuta baleude bezala.

Aldaketan heriotza

Ziurrenik, garairik oparoenean zegoela hil zen Jacques Pajak, auto istripu batean, 1963. urtean, Paris inguruan. Denbora batez landutako bidea aldatu, eta sentitzen zuen hori modu «errealagoan» islatzeko ahalegin bete-betean zegoela zendu zen. Hala ere, Paredesek adierazi duenez, artista modura izan zena ezagutaraztea lortu dute Maeztu museoan ikusgai dauden hemezortzi artelanen bitartez. Sorkuntza emankorra izan zuen arren, lan adierazgarriak batu dituztela uste du.

Izan ere, Lizarrako museoaren mende laurdena ospatzeko erakusketa gauzatzeko «ahalegin» handia egin dute Gustavo Maeztu museoko kideek. Ikusgai dauden artelan guztiak jabe partikularrenak dira. Hala, lanak bilatzea eta baimenak lortzea zailena izan dela aitortu du Paredesek. «Erakusketa bereziki Maeztu museorako prestatu da, eta abuztuaren amaieran desagertuko da». Dena den, pozik agertu da askorentzat ezezaguna izan zen artista ezagutarazteko izan duten aukeragatik.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik