Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Donostia, bat-batean kantuan

$
0
0
Munduko kantu inprobisatu askotarikoak bilduko dituen topaketa astelehenean hasiko da, eta uztailaren 16 arte iraungo du. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Europa Kultur Hiriburuak elkarlanean antolatu dute Europa bat-batean, EHUko Udako Ikastaroen barruan. Izenburuak Europako kantu inprobisatuari aipamen egiten dion arren, munduko beste herrialde batzuetako adierazpideak ere ordezkatuak egongo dira jardunaldietan. Mintzolak adierazi duenez, boluntarioen, tokiko eragileen eta bertso eskolen laguntza ere «ezinbestekoa» izan da topaketa antolatzeko orduan.

Orain dela hamahiru urte egin zen lehenengoz nazioarteko topaketa bat, Bertsozale Elkarteak antolatuta: Ahozko inprobisazioa munduan. Geroztik, bertsolariek atzerriko jardunaldietan parte hartu izan dute, baina ez da hemen berriro horrelakorik antolatu. Apirilean, «girotze saioak» egin zituzten Herrialde Katalanetako, Kurdistango eta Sardiniako inprobisatzaileek Bilbon, Hernanin (Gipuzkoa), Donostian, Iruñean, Markina-Xemeinen (Bizkaia), Uztaritzen (Lapurdi) eta Aramaion (Araba). Oraingoan, Austriako, Galesko, Herrialde Katalanetako, Kubako, Mexikoko, Zipreko eta Euskal Herriko inprobisatzaileen lana entzun ahal izango da Donostian.

Europa bat-batean proiektuaren helburua beste kantu inprobisatu batzuk ezagutzea, zubiak eraikitzea eta bertsolaritza gure mugetatik kanpo ezagutaraztea da. Horretarako, bat-bateko ikuskizunez gain, hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu dituztenazioarteko hainbat aditurekin. Gainera, Xenpelar Dokumentazio Zentroak garatutako Kulturartea Mapa aurkeztuko dute hilaren 14an, ostegunez.

Inprobisazio saioak

Bat-bateko kantuen ikuskizunak hilaren 11n hasi eta 16an amaituko dira. Donostian izango dira, arratsaldeko zazpietan, baina ostiralean Oñatira (Gipuzkoa) egingo dute txangoa. Larunbatean jaialdi nagusia egingo dute Kursaalean, eta hantxe elkartuko dira inprobisatzaile guztiak.

Kantuan arituko dira Hans Eder eta Norbert Hauer, Austriatik; Karen Owen eta Eurig Salisbury, Galestik; Mateu Matas eta Maria Isabel Servera, Herrialde Katalanetatik; Diana Laura Hernandez, Dana Sofia Limon eta Rebeca Limon, Mexikotik; Alexis Charalambous, Marios S. Poulas eta Charalombos Charalombous, Zipretik; eta Iran Caballero, Yoslay Garcia, Eduaniz Gonzalez eta Lourdes Yunet Lopez, Kubatik. Manex Agirre, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Julio Soto euskaldunak ere bertsotan ibiliko dira.

Arratsaldeko saioen aurretik, astelehenetik ostiralera jardunaldi akademikoak egingo dira Miramar jauregian, 09:00etatik 13:30era. Horietan, nazioarteko adituek inprobisatzeari buruzko ikerketak plazaratuko dituzte.

Euskal Herriko, Austriako, Espainiako, Zipreko, Brasilgo, Kubako, Mexikoko, Sardiniako, Kareliako, Estatu Batuetako, Galiziako, Galesko eta Herrialde Katalanetako ordezkariak ibiliko dira kantu inprobisatuei buruz hitz egiten. Egunero gai desberdina planteatuko da, eta hari horri jarraituko diote.

Astelehenean, kantu inprobisatuaren adierazpide desberdinen inguruko deskribapenak emango dituzte adituek. Herrialde Katalanetako kantuari buruz hitz egingo dute lehenengo, eta alemanez egiten den Gstanzln azalduko dute horren ostean. Murtziako trovoa, Zipreko kantuak eta Brasilgo inprobisazioa ere landuko dituzte.

Hurrengo egunean, Kuba, Mexiko eta Euskal Herriko adierazpideen egoerak aztertuko dituzte hizlariek, belaunaldiz belaunaldi egiten den transmisioari erreparatuz. Asteazkenean, berriz, generoaren gaiari helduko diote, eta emakumeen presentziari buruz hitz egingo dute bertsolaritzaren, Kareliako itkuvirsi-ren eta hip hoparen testuinguruetan.

Munduan ahozko tradizioa duten kultura askok kantu inprobisatuak dituzte, Mintzola elkarteak dioenez, eta ostegunean gai horiei helduko diete; ondarea, tradizioa eta ahozkotasuna landuko dira zeharka. Amaitzeko, ostiralean, kantu inprobisatuetan oso presente dauden hizkuntza gutxituei buruz arituko dira adituak. Ahozko inprobisazioa galizieraren normalizaziorako tresna gisa aurkeztuko dute, galeserari buruz hitz egingo da, eta eskolen esku hartzea aztertuko dute.

Horretaz guztiaz gain, asteartean glosadoreei buruzko dokumentala proiektatuko da, eta asteazken eta ostiralean, egun horietan landutako gaiei buruzko mahai inguruak antolatuko dituzte. Egun guztietan, gainera, Beñat Krolemen Oholtza argazki erakusketa ikusgai egongo da Miramar j auregian.

Datu basea

Uztailaren 14an, Jardunaldi akademikoen barruan, Kulturartea Mapa aurkeztuko dute. Xenpelar Dokumentazio Zentroak garatu du, eta munduko kantu inprobisatuaren datu basea osatzen du.

Informazio asko biltzen du. Kantu inprobisatuen egoera nolakoa den adierazten du, baita aktibo dagoen edo galtzeko arriskuan dagoen ere. Emakumeen parte hartzeari buruzko informazioa ere aurkitu daiteke, eta maparen sailkapena hizkuntzaren arabera egiten da, ez herrialdeen arabera.

Estibalitz Esteibar Bertsozale Elkarteko komunikazio arduradunak dioenez, dokumentazio lan handia egin da, eta «helburua denon artean mapa etengabe osatzen joatea da», ekarpenak asko estimatuko dituztela adierazi du. Izan ere, «maparen hasiera» aurkeztuko dute ostegunean, eta ekarpenekin gehiago osatzea espero dute.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik