Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Eutsi ongi dabilenari

$
0
0
Kalitatea, musika aniztasuna eta gazteen aldeko apustua. Hiru ardatz horien gainean egituratu ohi du Getxoko Jazzaldiak bere urteroko proposamena. Emaitza ona eman du formulak, eta bere tokiari eutsi dio jaialdiak, erreferentzialtasunean haziz eta indartuz. Ongi dabilenari eustea erabaki dute, beraz, antolatzaileek, eta orain arteko lerro nagusiak mantenduz osatu dute aurtengo jaialdia. 40. aldia izango da, gainera, gaur hasiko dena. Uztailaren 5era arte iraungo du.

Ohiko gisan, Algortako kale beretan nahasiko dira jazz musikari handiak eta talde hasiberriak. Biotz Alai plazan izango dira kontzertu nagusiak, 22:15ean, egunero. Jorge Pardok abiatuko du jaialdia, gaur, beste hiru musikarirekin Huellas laukotea osatuta. Ibilbide luzeko musikaria da, Espainiako jazzaren izen nabarmene- takoa. Zeharkako txirulari eta saxoari lotua dago, eta jazzaren eta flamenkoaren arteko nahasketak egin ohi ditu. 2013an, Europako jazz musikari onena izendatu zuen Frantziako Jazz Akademiak.

Bihar, berriz, Uri Caine pianistaren txanda izango da. John Herbert kontrabaxu jotzaileak eta Ben Perowski bateria jotzaileak lagunduta ariko da; jazz panoramaren musikari berritzaileenetakotzat hartua izan ohi da Caine, eta ezaguna da hainbat diziplina eta estiloren zantzuak jazzarekin uztartuz egindako lanagatik. 32 disko grabatu ditu orotara bere ibilbidean.

Hermeto Pascoalek etzi bisitatuko du Getxo, sei musikarik osatutako taldea alboan duela. Brasilgo musikaren artista ezaguna da Pascoal, ibilbide luzekoa —80 urte ditu—, eta bere herrialdeko musika tradizionala eta jazza uztartzeagatik laudatua. Estilo eta melodia askotarikoak jorratu izan ditu, sarri musika tresnak ez diren objektuak baliatuz konposizioetarako.

Dee Dee Bridgewater kantari estatubatuarra izango da aurtengo musikaririk ezagunenetako bat. Astelehenean ariko da Algortan, teklatu, tronpeta, kontrabaxu, saxo eta bateria boskote batek lagunduta. Egungo jazz panoramaren ahotsik goraipatuenetakoa da Bridgewaterrena. Hainbat sari eskuratu ditu: besteak beste, hiru Grammy.

Esperanza Spalding AEBetako baxu jotzaile, pianista eta kantariak itxiko du aurtengo egitaraua. Gaztea izanagatik, zeresana eman du azken urteetan jazz munduan, 2006an Junjo diskoa kaleratu zuenetik. Emily's D+EVolution ikuskizuna aurkeztuko du Getxon, musika, bideoa eta antzerkia oholtza gainean uztartuz.

Talde gazteentzako aukera

Beste behin ere, gazteenganako babesa adierazi nahi izan du Getxoko jazz jaialdiak, taldeentzako lehiaketa antolatuz. Europa osoko 70 taldek eman dute izena, eta horietatik lauk —Wilfried Wilde Quintet (Galizia), Tomas Wend Trio (Polonia), Francesco Colombo Trio (Italia) eta Daahoud Salim Quintet (Herbehereak)— lortu dute Getxon jotzeko aukera. Egunero ariko dira, Biotz Alai plazan, 21:00etan, talde nagusien aurretik. Azken egunean, Esperanza Spaldingekin, talde lehiaketaren irabazleak joko du.

Hirugarren Milurtekoa sailean, bestalde, Ainara Ortega Scat taldea ariko da, besteak beste. Ortegak berak ez ezik, Iñaki Salvadorrek eta Mikel Anduezak ere osatzen dute taldea, besteak beste. Algortako Geltokia plazan izango dira sail horretako kontzertuak, egunero, 19:00etan. Gainerakoan, jam session-ak eta familientzako ikuskizunak izango dira, Getxoko jaialdiak iraun bitartean.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik