Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Ellis Marsalis sarituko du Donostiako 51. Jazzaldiak

$
0
0
Marsalis abizena erraz lotzen da jazzaren munduarekin. Wynton, Branford, Delfeayo eta Jason Marsalis musikariak dira horren errudun; baina, batez ere, saga horren lehen katebegia dena, Ellis Marsalis (New Orleans, AEBak, 1934). Izan ere, jazz modernoaren piano jotzaileetan gehien estimatuetako bat izateaz gain, ospe handiko musika hezitzailea ere bada, eta lau semeena ez ezik, hainbat musikari handiren maisu izandakoa ere bai, Jesse Davis, Terence Blanchard, Donald Harrison eta Nicholas Paytonena, tartean. New Orleansko Unibertsitateko jazz-ikasketetako katedraduna, Tulaneko Unibertsitateak honoris causa izendapena eman zion, jazzari nahiz musika irakaskuntzari egindako ekarpenagatik. Ibilbide oparo baten jabe eta jazzaren ondorengo belaunaldientzat eredu delakoan, Ellis Marsalis sarituko du Donostiako 51. Jazzaldiak. Bere laukotearekin, Trinitate plazan joko du sarituak, hilaren 22an.

Hilaren 20tik 25era egingo dute jaialdia aurten, eta inoiz baino kontzertu gehiago izango dira: 132 guztira, hogei agertokitan banatuta. 51. jaialdiko programako protagonisten artean daude, Ellis Marsalis eta haren seme Branfordez gain, Diana Krall, Gloria Gaynor, Brad Mehldau, John Scofield, Marc Guiliana, Jan Garbarek, Steve Coleman, Marc Ribot, Ibrahim Maalouf, Christian Scott, Cyrus Chestnut, Jack DeJohnette, Dave Douglas, Jose James nahiz Kurt Elling, besteak beste. Kontzertuetatik 85 doakoak izango dira.

Bi berritasun ekarriko ditu aurtengo jaialdiak. Batetik, Europako jazz talentu gazteak biltzen dituen 12 Points festibala hartuko du Viktoria Eugenia antzokiak, hilaren 20tik 23ra. Eta, bestetik, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, jazzari lotutako filmen zikloa hasiko dute Tabakaleran, datozen urteetan jarraitzeko asmoz. Besteak beste, Miles Davis eta Chet Baker tronpeta jotzaileei buruzko lan banaren estreinaldiak hartuko ditu zentroak.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik