Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Kalabazarik ez zen izan

$
0
0

Helloween

Lekua: Atarrabiako Totem aretoa. Eguna: Ekainak 12.

Birako laugarren kontzertua gurean eskaini izanak badu berea. Alemaniako Helloween talde beteranoak atsedenik gabe jarraitzen du. 30 urte luze pasatu dira Walls Of Jericho lehen diskoa atera zutenetik, eta, ordutik, garaien arabera egokitzen asmatu dute. Andi Deris eta Michael Weikathek gidatzen duten banda biziberrituta dago. Joan den ostiralean My God-Given Right aurkeztu zuten, estudioko hamabosgarren lana, Atarrabiako Totem aretoan (Nafarroa). Sarrerak garesti samarrak izan arren, zale asko hurbildu ziren power metalaren aitzindariak ikustera.

Giroa berotzeko ardura Madrilgo Lords Of Black taldeak hartu zuen. Espainiako heavy metal eszenan trebatutako kideen bandak zuzeneko benetan txukuna eskaini zuen. Tony Hernando eta Andy C. musikariek —biak ala biak Saratoga taldean ibilitakoak— abentura berri bat abiatu zuten Ronnie Romero abeslari txiletarrarekin. Disko bakarrarekin, talde ezagun batzuekin jotzeko aukera izan dute. Atarrabiakoa ere aprobetxatu zuten, nahiz eta kantu borobilagoak falta zaizkien.

Gaueko protagonistek ondo heldu zioten testiguari. Helloween estimatuek Eagle Fly Free eta Dr. Stein klasikoekin abiatu zuten emanaldia. Kalabazarik ez zen izan kalabazen partetik: zale sutsuak hasieratik asebete zituzten. Klasikoak garai ezberdinetako kantuekin nahasten hasi ziren. Lan berriari izena ematen dionarekin batera, Steel Tormentor eta Mr. Torture ederrak jo zituzten. Ezusteko pozgarria izan zen Waiting For The Thunder tempo erdiko abestiarekin gozatzea, eta, Heroes pieza berriarekin, Sascha Gerstner gitarristak bere momentua izan zuen.

Batzuen atsedena beste askoren asperraldi bihurtu zen. Kontzertuaren erdian, Dani Loeble bateria jotzaileak erakustaldi arruntegia eman zuen. Erritmoa Where The Rain Grows kantuarekin berreskuratu zuten—Derisek kalabazekin ateratako lehen diskokoa da—. Jarraian tartekatu zituzten Lost In America bihurria, If I Could Fly balada eta Power klasikoa. Medley baterako ere denbora hartu zuten. Loturak zertxobait behartuak izan ziren arren, bata bestearen atzetik etorri ziren Halloween, Sole Survivor, I Can, Are You Metal? eta Keeper Of The Seven Keys. Koktelontzian gauza gehiegi sartu zituzten.

Hasieran bezala, amaieran ere garai zaharreko klasikoei heldu zieten. Future World eta I Want Out ezagunek kantu bizian jarri zuten aretoa. Amaiera perfektua izan zen zale sutsuentzat, eta oso gustura geratu ziren ikusitakoarekin. Ordea, kritikoagoak garenoi erdipurdikoa iruditu zitzaigun kalabazen zuzenekoa. Espektakulu ona izan zen, baina dena ezin da horretara mugatu.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik