Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Begirada metamorfiko iraunkorra

$
0
0
Begiak leku guztietan. Begiak, besteenak eta norberarenak; ireki eta itxi egiten direnak; eraldatu egiten direnak. Etengabe begira daudenak. Baina, non jartzen dute mira begiradek? Norberak du horren erantzuna. Hori baita Artium arte garaikidearen euskal zentro museoak aurkeztu berri duen erakusketaren oinarria: Begiradaren sua du izena, eta, Marina Nuñez artistaren ibilbideko lanik esanguratsuenak biltzen ditu. Madrilgo Sala Alcala 31rekin elkarlanean ekoitzi dute erakusketa. Azaroaren 1era arte egongo da ikusgai.

Guztira, 38 artelanek osatzen dute bilduma, era askotariko teknikak eta euskarriak erabiliz egindakoak: margolanak, irudi digitalak, eta, batez ere, bideo proiekzioak. Hain zuzen, erakusketa honetarako propio egin du horietako bat. Erakusketaren izen bera du (Begiradaren sua, 2015) eta bederatzi proiekzioko pieza handi bat da. Hala ere, ikusgai dauden obra gehienak azken hogei urteetan sortutakoak dira.

Erakusketaren izenak berak adierazten duen moduan, suaren eta begiradaren kontzeptu poetikoen inguruan eratu da erakusketa. Giltzarriak baitira artistaren lanak ulertzeko, Jose Jimenez komisarioaren esanetan:«Alde batetik, suak giza harremanen grina irudikatzen du; aldakorrak eta dinamikoak dira, eta argi bizienak zeharkatzen ditu. Bestetik, begiradak, bereziko bizia duten begienak, bizitzatik artera isurtzen den jariakinaren mugimendua dira: ikustea bizitzea da, ikustea maitatzea da, ikustea arteari begiratzea baita».

Begiradaren inguruan sortu ditu lanak Nuñezek bere ibilbide artistikoan, eta dinamismo handiko irudiak josi. Identitatea eta bazterketa jorratu izan ditu, beste gai batzuen artean: Muerte, Monstruas, Siniestro, eta Ciencia-ficción sailetan antolatu direnak. «Identitatea begiradaren bitartez eraiki egiten den zerbait da. Besteek norberarekiko duten begiradaren bitartez eraikia, besteak beste», nabarmendu du Jimenezek.

Era berean, generoak ere toki garrantzitsua du bere artelanetan. «Nire ibilbidean zer pentsatua eman didan gaia izan da generoarena. Kritika feminista sakonek ulertarazi zidaten bazterketaren gunea zein konplexua eta maltzurra den. Emakumeok urteetan okupatu izan duguna». Egungo errealitate konplexuaren ertz guztiak ditu hizpide artistak, gizaki itxuragabeak, munstro itxurakoak, kanonetatik kanpo daudenak erakusten baititu gehienetan.

Hazten ari den artista

Pixkanaka ospea hartzen ari den artista da Nuñez. Hain zuzen, Madrilen arrakasta izan ondoren iritsi da Begiradaren sua erakusketa Artium museora. Bada, Nuñezek sormenari dagokionez erakutsi duen «heldutasuna» azpimarratu du Jimenezek: «Ahalmen plastiko handiko hizkuntza baten jabe da, egun artean dagoen berezkoena eta bereziena du», azaldu du.

Halaber, Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariak gogorarazi du Gasteizko museoa izan zela haren pieza bat erosi zuen lehen erakundea. «Urteak dira Nuñez ezagutzen dugula. Haren lan bat erosi genuen oraindik hasiberria zenean, ia-ia inork ezagutzen ez zuenean. Hori da Artiumen espiritua. Askotariko artistei aukerak ematea, pasioa eta lanean grina erakusten duten guztiei. Eta Marinaren lanetan hori bera ikusi genuen». Egun, Nuñezen hiru artelan daude Artium bilduman: Vanitas saileko margolan bat (1996), La locura saileko bi arte grafiko (1996) eta Monstruas saileko instalazio bat.

Marina Nuñezek berak eskertu egin du Artiumek «hasieratik erakutsitako babesa», eta pozik agertu da Artiumera itzuli izanaz: «Hazten ari diren artistei laguntzea oso garrantzitsua da, eta nik zorte handia izan nuen Artium bezalako museo batek nire artelan bat erostean. Askok ez dute aukera hori izaten. Ez dut inoiz ahaztuko. Beti eskertuko diet».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik