Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Bizitzaren arkitektura

$
0
0

Tolosako Kapitolioko Orkestra

Zuzendaria: Tugan Sokhiev. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzak 31.

Bizitzak bere arkitektura behar du. Hortik hona, handik hara, higidura zentzu horizontalean. Goitik behera, urrunetik hurbilera, hemendik harantzago. 1830eko Iraultzan zendu ziren soldaduak omentzen ditu Hector Berliozek obratzar honetan. Musikaren arkitektura goraipatzen da partituran, akorde batek ondokoekin lotzen dituen harreman sendo hautsezinak. Gizakion bizitzan, euskarriak funtsezkoak dira harremanetan, norbera bere arkitektura forma definitzen saiatzen da. Hunkitzerainoko melodia liluragarriak ez ditugu obra honetan aurkituko, musika eratze lana ardatz bertikalean nagusitzen baitu Berliozek. Goitik behera, behetik gora, edertasuna instrumentu aukeraketan oinarritzen da. Tolosako (Okzitania) orkestrak, Tugan Sokhiev errusiarraren eskutik, kolore festa deigarrian murgildu gintuen; nota luzeen zailtasunean eroso eta zoragarri aritu zen flauta bakarlaritik, biolontxelo talde esanguratsu eta fidagarri batera.

Artisau lan ekoizpeneko espresiobidea hatz puntetan hedatzen du Sokhievek. Donostiako Orfeoiaren erronka podiumetik zetorren adierazpenaren % 200 agertzea izan zen eta abesbatza maisu aritu zen esparru horretan. XIX. mendeko iraultza hartako soldadu tropa egonkor baten tankeran, trinkotasunean gauzatu zuen bere egitekoa, baxuen dirdira eta sopranoen aurre egite adoretsua nabarmenduz. Hildakoei zuzendutako omenaldian, Sokhievek testuaren hanpadurara bideratu zituen esfortzuak, kantu taldeak hitzaren bitartez musikaren arkitektura sortu zezan. Emaitza ikusgarria eta entzungarria izan zen, Berliozen akorde handiek auditoriuma bereganatu arte. Saimir Pirgu tenorraren partaidetzak habe-harriz jositako musika lan dotore bat biribildu zuen, bizitzaren arrastoek zutabe trinkoaren beharra dutela frogatzeraino.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik