Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Konpas baten mugetan

$
0
0
Doinua eta erritmoa, biak dituzte bai bertsoak eta bai musikak. Sarritan musikatu izan dira bertsoak, eta doinu sorta zabala erabiltzen dute bertsolariek beren jardunean. Adierazpide bakoitzak, ordea, bere arauak ditu; bi lengoaia dira, eta ez da beti erraza biak batzea. Erronka hori jarri diote beren buruari bost musikarik eta lau bertsolarik: bertsoak eta jazza uztartuko dituzte Bertso Jazza emanaldian, uztailaren 24an. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egingo dute saioa, Donostiako Jazzaldiaren barruan.

2008an egin zuten lehen aldiz Bertso Jazza. Bertsoaren eta jazzaren topagune bat sortzea proposatu zion Lankuk Jazzaldiari, Miguel Martin jaialdiaren zuzendariak gogora ekarri duenez. «Oso interesgarria iruditu zitzaigun, eta emaitza bikaina izan zen». Orain, egitasmoa atzera berreskuratzeko proposatu dio Jazzaldiak Lankuri, eta Bixente Martinezi eskatu diote musikaren ardura hartzeko. Harekin batera, Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Hasier Oleaga (bateria), Julen Izarra (saxoa) eta Xabier Zeberio (biolina) ariko dira saioan. Bertsolariak, berriz, lau izango dira: aurreko aldian jardun zuten bi, Andoni Egaña eta Jon Maia, eta esperientzia lehen aldiz biziko duten beste bi, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza. Unai Elizasu ariko da gai-jartzaile. Saioaren egitura eta doinu batzuk aurrez adostuko badituzte ere, unean uneko inprobisazioaren emaitza izango da emanaldia.

Bertsolariak, inprobisatzen duten neurrian, ez direla «edonolako kantariak» adierazi du Martinezek, eta horrek aparteko ahalegina eskatzen diela musikariei. «Nahiz eta aurretik doinu batzuk adostu, bertsoa hasten den momentutik ez dakigu ondo zer pasatuko den; ez dakigu bertsoa umorez joango den, serio, azkarrago, polikiago... Hortaz, gure lana izango da bertso horri ahalik eta laguntza ederrena ematea». Saioan sortuko diren kantuak bakarrak eta errepikaezinak izango direla uste du.

Musikariek eta bertsolariek aurrez prestatzeko prozesu ezberdinak izaten dituztela azaldu du Martinezek; batzuk taldean aritzen direla, eta besteak, bakarkako lanean batez ere; batzuek aurretiazko talde lan gehiago behar dutela, eta besteentzat, berriz, emanaldiaren uneak berak izaten duela pisu handiena. Hala, antza baduten baina hain ezberdinak diren bi diziplinak elkartzea izango da gakoa, «baina ez olioa eta ura bezala, elkarrekin baina nahastu gabe; horixe izango da erronkarik politena, enpatia hori, komunikazio hori lortzea».

Bi hizkuntza elkarrizketan

Egañak azaldu du era askotako plazak izaten dituztela bertsolariek, tarteka zerbait ezberdin probatzeko aukera izaten dutela, eta, halako «tentaldi» bat iristean, baietz esan ohi dutela. «Apustu bat da guretzat, ez baita erraza; guk inprobisatu egiten dugu saio honetan, erabat, edozein jaialditan bezala. Bertsolariok konpasik ez dugu; burutik mingain puntara etortzen zaigunean hasten gara, eta konpas baten barruan ibili behar horrek, inprobisatzearen berezko lanaz gain, pixka bat aztoratzen gaitu». Zailtasunak probatze horrek erakartzen du bera. Duela zortzi urte hasitako esperientzia hartan, «elkar hartze bat» lortu zuten bertsolariek eta musikariek, haren ustez. «Plaza polita da esperimentatzeko, zerbait berri saiatzeko. Inprobisatu egingo dugu; beraz, ahalegina ziurtatzen dugu, baina emaitza ez».

Gaztelumendik, berriz, azaldu du bertsoak eta jazzak antza dutela baina nork bere hizkuntza duela. Bien elkarrizketa bat sortzea dela asmoa, baina bien ezaugarriei eutsiz. «Elkartzean, beti, biek amore eman behar dute zerbaitetan, baina gure ahalegina izango da amore emate hori ahal den txikiena izan dadila, eta ahal den handiena, berriz, bakoitzak berezko dituen ezaugarri horiek erakustea».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik