Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Sistiagaren keinu mugikorra

$
0
0
Gogoan du Jose Antonio Sistiagak (Donostia, 1932) nola sortu zitzaion txikitan artearekiko mirespena. Linazasoro doktorearen etxean izan zen, Donostian, gurasoen lagunarengana egindako bisitetako batean. Han aurkitu zuen, erdi irekita zegoen ate baten beste aldean, Diego Velazquezen Bredako Errenditzea margolanaren kopia bat, doktorearen aitonak egina. Bisitatik bisitara, koadroa ikusteko nahia agertu zuen Sistiagak, eta hainbestekoa izan zen ekitea, azkenean aitonaren akuarela kaxa oparitu zion Linazasorok artista txikiari. «Opari pozoitua» izan zen hura, Sistiagaren hitzetan. Aurkikuntza bat, ibilbide luze baterako abiapuntua izango zena. Gerora, San Telmo museoko koadroak kopiatzen hasi zen, «hori baita ikasteko modurik onena, eta ez arte ederretako eskolak». Eta Parisen arte ikasketak egin ostean, Euskal Herrira itzulitakoan, Gaur taldeko parte izan zen, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea eta Jose Luis Zumeta euskal artista garaikideekin batera.

Lehen urmargo kaxa horrekin abiatutako bide luzean, askotarikoak izan dira sorkuntzara hurbiltzeko artistak jorratutako moduak. Pintura, marrazkigintza eta zinemaren arloak landu ditu, gehienbat. Orain, azken mende erdian osatutako lan garrantzitsuenetako batzuk bildu ditu Alzuzako (Nafarroa) Oteiza museoak, Sistiaga. Keinuzko pinturatik mugimenduaren artera izeneko erakusketan. Jean-Michel Bouhours Parisko Pompidou museoko kontserbadoreak egin ditu komisario lanak, ia bi urte iraun duen prestakuntza prozesuan. Atzo aurkeztu zuten emaitza, eta museoko zuzendari Ignacio Diez Ereño eta fundazioko patronatuko kideekin batera, komisarioa eta artista bera izan ziren bertan.

Izenburuan bezalaxe, keinutik mugimendurako jauzia egiten du erakusketak berak, atalez atal. Lehen aretoetan, artistaren hastapenetako zein azken urteetako margolanak dira nagusi. Margotzeko keinuaren azterketa dakarte obrek, pintzelak euskarriarekin talka egiterakoan sortzen den efektuarekiko gogoeta. Horren ostean, Bouhoursen hitzetan Sistiagaren «serie figuratiboenak» direnak erakusten dira, gorputz biluzien irudiak, batik bat.

Proiektu pedagogikoak

Hurrengo aretoan, artistaren arlo ezezagunetakoa, baina, halere, ekarpen handikoa dena ageri da: proiektu pedagogikoak. Artistak Celestin Freineten metodo pedagogikoa eta Arno Sternen akademia ezagutu zituen Parisen, eta, haiengan inspiratua, haurren sorkuntza askerako bideen bilaketari ekin zion. Esther Ferrerrekin batera adierazpen artistiko askerako Ostegunetako Akademia eta Elorrioko Eskola Esperimentala sortu zituen. Erakusketan, artistak bere seme-alabekin praktikan jarritako tailer bateko irudiak ageri dira, Sistiagak berak filmatutako bideoan. Zinez sinesten du artistak haurren sorkuntzarako gaitasunean: «Pentsatu ohi da umeak, oro har, ergelak direla, baina alderantziz izaten da, helduak dira gero eta ergelagoak. Haurrek helduok baino seriotasun askoz handiagoarekin egiten dute lan».

Denen artean, ordea, zinema esperimentalaren alorrean egindako lanak eman dio Sistiagari sona handiena. 1968an eman zion hasiera «kamerarik gabeko zinemari», Ere erera baleibu izik subua arauaren... filmarekin. Sistiagak banan banan margotzen ditu fotogramak, kolore eta forma biziz, eta erreproduktorean jarri eta proiektatzerakoan, mundu kosmikoa irudikatzen du, izarren unibertsoa agertuz. Pintzelarekin egindako keinuetako bakoitzak, azkenean, mugimendua hartzen du. Erakusketan, teknika horrekin margotutako zeluloide zatiak ikusgai daude, eta baita artistak modu horretan egindako bi film, gurpil etengabean proiektatuta.

Artistaren obraren inguruko ibilbidea azaroaren 1era arte egongo da zabalik, Oteiza Museoan. Erakusketarekin batera, hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu ditu museoak. Batetik, Nafarroako Filmotekarekin elkarlanean, zinema esperimentalari buruzko zikloa egingo dute irailean. Sistiagaren obrarekin batera, pintura eta zinema uztartu duten beste artista batzuen lanak izango dira ikusgai, filmotekaren egoitzan. Museoak, bestalde, haurrentzako tailerrak antolatu ditu, eta baita Sistiagak heziketa artistikoarekin izandako harremana aztertuko duen prestakuntza ikastaroa ere, hezitzaileei eskainia. Azkenik, artistaren proiektu pedagogikoei buruzko saio berezia egingo dute, irailaren 24an. Jarduerekin batera, artistaren ibilbide eta lanari buruzko argitalpen monografikoa kaleratu du museoak.

Zabalik dago erakusketa, eta beste behin, bisita egin du Sistiagak Oteiza lagunaren etxera, iraganean bezala. Atzoko aurkezpenean ere, ezin artista handiaren itzala oharkabean pasatzen utzi. Diez Ereñok ekarri zuen gogora: «Oteizak zioen liburuak ez direla idazlearenak, irakurlearenak baizik. Izan dadila bada erakusketa hau ere gure begi eta emozioekin ikusten dugun denona».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik