Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Orain, irudiak lagun

$
0
0
Ez da egitasmo berria, baina neurri batean, bada. Azkeneko urteetan, Donostiako Zinemaldiak Gipuzkoako hiriburura zinema usaina eramatearekin batera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak filmetako musikan oinarritutako kontzertua eman izan du orkestraren beraren egoitzan, Miramonen. Aurten ere hori bera egingo du EOSek, SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartearekin eta Zinemaldiarekin berarekin elkarlanean, baina izango du berritasunik oraingoan. Batetik, Miramomen ordez, Donostiako belodromoan emango baitu kontzertua, eta, bestetik, aurrenekoz, musikarekin batera, filmetako irudiak ikusi ahal izango dituztelako bertaratutakoek. Kontzertua hilaren 19an, larunbatez, izango da, Zinemaldia hasi berri, 12:00etan, eta sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak aurretik jaso beharko dira Kursaalean, Donostia Turismoaren bulegoetan eta Zinemaldiak Okendo plazan izango duen informazio gunean.

«Zerbait berria izango da, aurrepauso bat. Kontzertu handiagoa, elementu gehiagorekin», adierazi zuen, atzo, emanaldiaren aurkezpenean, Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusiak. Orkestraren denboraldi hasiera markatu ohi duen kontzerturako bost musikagileren lana aukeratu dute aurtengoan. Alfonso de Vilallongak Blancanieves filmerako (Pablo Berger) egindako musika, Fernando Velazquezek Zipi y Zape y el club de la canica-rako (Oskar Santos) ondutakoa, Joan Valenten Las Brujas de Zugarramurdi-koa (Alex de la Iglesia), Pascal Gaignek Loreak (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga) eta Lasa eta Zabala (Pablo Malo) filmetarako konposatutakoa eta, horiekin batera, Alberto Iglesias eta Pedro Almodovarren arteko elkarlana biltzen duen Suite 35mm eskainiko ditu orkestrak Roman Gottwaldenen zuzendaritzapean. Azken horretan konpositore donostiarrak Todo sobre mi madre, Hable con ella, La mala educación eta La piel que habito-ren pasarteak bildu ditu. Kasu guztietan, musikagileek beraiek egokitu dituzte partiturak kontzertuaren beharretara, eta horrek, zenbaitetan, orkestrazioetan aldaketak egitera behartu ditu, Gaignek berak azaldu zuenez. «Lan handia da, filmerako idatzi bezala emanez gero, batzuetan elementu batzuk ez direlako ondo ezkontzen». Dena dela, filmetarako eginiko musikak zinematik kanpo ere bidea egiteari garrantzitsua deritzo Gaignek: «Nik ez dut sinesten zinemarako musika kontzeptuan. Musika da, zinemaren irudietara egokitua, baina izan zitekeen beste arte esparru baterako musika ere».

Belodromoan izanik, 2.500 lagunentzako lekua izango da, eta 400 metro koadroko pantailan Carlos Rodriguezek aipaturiko filmen irudiekin eginiko muntatze lana emango dute. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak adierazi zuenez, kontzerturako beren-beregi prestatuko ditu irudiak errealizatzaileak konpositoreen lanari jarraituta.

Zuzendaria, lehen aldiz

Roman Gottwald konpositore, interprete eta zuzendariak aurrenekoz gidatuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Soinu banden sortzailea da, eta, era berean, zuzendari artistiko lana ere egin izan du. Esaterako, konpositore eta orkestratzaile jardun zuen Blancanieves filmaren soinu bandaren sorkuntzan, eta Bergerren pelikula Bartzelonako Liceu antzokian zuzeneko musikarekin estreinatu zutenean berak gidatu zuen orkestra.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik