Laugarren urtez egingo da Kutxa Kultur musika jaialdia Igeldoko jolas parkean asteburuon, Donostian. Aurrez beste aldi bat izan baitzuen, 2011n, Donostiako belodromoan eta azaroan. Bere lekua egina du dagoeneko. Lekua bera du, hain zuzen, erakarmen indar nagusietako bat. Ondo ustiatzen du itsasertzeko hiriaren paisaia eta jolas parkearen espazio ia ipuinezkoa. Proposamen estilistikoa ere finkatu du, rock indie anglofiloaren, salbuespenak salbuespen, aldeko hautua eginez. Aurreko urteetan ere izan dira pop-rock ingelesezkoaren talde interesgarriak, Dinosaur Jr edo Maximo Park kasurako, baina aurtengoan koska bat gora egin du talde izarraren peskizan.
YO LA TENGO, AMU NAGUSIA
Sergio G. Cruzado Kutxa Kulturren zuzendariak berak aitortu du jaialdiak iraun duen bost urteotako egitarauari erreparatuz Yo La Tengo dela talderik garrantzitsuena, «musikaren historian duen lekuagatik». Igeldon egiten den jaialdiak duen indie izpiritu eta sonoritate horrekin ederki bat egiten du Hobokengo (New Jersey, AEB) hirukoaren musikak. Ziur aski jaialdiarenaz harago doan —ez da ahaztekoa banku pribatu batek finantzatua ez ezik, haren izena daramala jaialdiak— indie jarrera da taldeak 1986an Ride the Tiger estreinako lana argitaratuz geroztik erakutsi duena. Autokudeaketa eta euren asmo nahiz gustuei beti leial izateko joera ez hain ohikoa izan du Yo La Tengok. Popa eta rocka ulertzeko modu aski irekia, melodia goxo eta ahots harmonietatik abiatuta, gitarra zaratatsuek gidaturiko anabasa oldarraldietaraino, beti bide berriak urratzeko prest, baina beti euren barne nahiek agindutako bidetik. Ia ibilbide osoan egin bezala, Matador zigiluarekin kaleratu dute oraintsu dozenatik gorako lanen artean berriena; Stuff Like That There. Disko berezia da. Bi kantu berri, euren kantu zahar ezezagunenetako hiruren moldaketa zaharberrituak, eta bederatzi bertsio, besteak beste, The Cure, Hank Williams, The Parliaments, Sun Ra, Lovin' Spoonful edota Darlene McCrearenak. Larunbatean, gauerdia pasatu berritan piztuko da Yo La Tengoren itsasargia Igeldon.
AGERTOKI NAGUSIA
Biharko kartelburutzat Madrilgo Vetusta Morla taldea aurkeztu du jaialdiak. Indie zirkuituetatik abiatuta publiko zabalago batengana iristea lortu dute gaztelaniaz abestuz, eta La deriva hirugarren diskoaren aurkezpen biran helduko dira bete-betean. Angel Olsen estatubatuarraren country ahaireko folka, Annie B. Sweet espainiarraren pop-folk ingelesduna, Mendetz kataluniarren synthpopa edota The Strypes irlandarren blues-rock eta rock—and—rolla dira agertoki nagusietako beste eskaintzetako batzuk.
DONOSTIAKO TALDEAK
Donostiakoa izanik, hastapenetatik ardura eta sentiberatasun berezia izan du jaialdiak hemengo taldeak egitarauan sartzeko. Aurtengoa ez da salbuespena. Ama taldeak Nada dos veces oraintsukoa aurkeztuko du ohiko pop dotorea landuz; egun Bartzelonan bizi den Pablo Martinez Sanromaren pop egitasmoa da Dotore; ia hamalau urtez agertokietatik kanpo egon ostean, gitarretan oinarrituriko rocka agertuko du berriz Purr laukoteak, eta Paradoja rock velvetiarra aurkeztuko du Rafa Berriok jolas parkeko lekurik barnerakoienean, antzoki abandonatuan. Leku intimo berean ariko da House of Wolves kaliforniarra ere (Rey Villalobos izen benetakoz), musika malenkoniatsu dotorea eskainiz.
EUSKARAZKOAK URRI
Donostiarrak dira, halaber, Niña Coyote eta Chica Tornado bikotea eta Eraul proiektua ere. Niña Coyotek hard-rocka eta stonerra lantzen du, gitarraz (Koldo Soret) eta bateria hutsez (Ursula Strong). Etxea izeneko lau kantuko demoa plazaratua du, berriz, Chica Tornadok, Asier Beramendik gidaturiko proiektuak. Bi taldeek euskaraz eta ingelesez abesten dute. Horra parekidetasun bat; KutxaKultur jaialdiaren aldi honetan euskaraz ariko diren bakarrak izatea da bestea. Urtero errepikatu den gabezia da euskaraz aritzen diren taldeen urritasuna. Besteak beste, diskoa kaleratu berriak edota kontzertuak han-hemenka ematen dabiltzanak dira Joseba B. Lenoir Gang Band, Anari, Ruper Ordorika, Petti, Joseba Irazoki, Perlak, Libe, Sacco, Bakelite, Morau Ta Beñardo eta abar... guztiak ere jaialdiaren parametro estilistikoetan arazo handirik gabe sar daitezkeenak. Anari bera (lehen urtean), Lou Topet, Gose, Bide Ertzean, Napoka Iria... izan dira urteotan izan diren gutxi horietako batzuk.
MOGWAI, IGANDEAN
Igeldoko jolas parkea du gune nagusia jaialdiak, baina hiriko beste zenbait lekutan egingo dira ekitaldiak ere. Gauetan Gazteszenan DJek giroturiko after jaiak izango dira. Haurrentzako ekitaldiak ere egingo dira, eta jaialdiak luzapena izango du igandean (hilak 6) Tabakalera kanpoaldean egingo den kontzertuarekin. Mishima talde kataluniarra (21:00etan) eta Mogwai eskoziarra (22.00etan) ariko dira. Post-rockaren ikurretako bat bihurtu zen Mogwai 1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000ko hasieran, Young Team eta Rock Action lanekin. 1.500 sarrera jarri dira salgai 20 eurotan.
SARRERAK
Eguneko sarrerak 30 euro balio du, eta bi egunetarako bonuak 48 euro. Jaialdiko webgunean eros daitezke: http://www.igeldofestibala.com/2015/.