Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

«Nahi nuen diskoa egin, diskoa egitearen plazeragatik»

$
0
0
Bakarkako lehen diskoa prestatzen ari da Jurgi Ekiza (Baiona, 1980), Willis Drummond taldeko abeslari eta gitarra jotzaileetako bat. Udaberrian grabatu zituen kantak, eta nahasketak egiten amaitu berri du. Dagoeneko, diskoa fabrikatzera bidaltzea baino ez zaio falta. Lana finantzatzeko, diru bilketa bat abiatu zuen uztailean, Karena plataformaren bidez; gaur amaituko da berton diskoa aurreko salmentan erosteko epea, eta, dagoeneko, helburutzat jarritako diruaren %95etik gora bildu du. Beranduenez, lana udazkenean kaleratzea espero du. Formatu digitalean, CDan eta biniloan eros daiteke Karenan. Kontzertu pribatu baterako sarrera erosteko aukera ere badago.

Bakarkako lana izanik, «pertsonalagoa» da diskoa. Aspalditik «zoko batean utziak» zituen kantak eta ideiak ditu oinarri. Abenduaz geroztik —Willis Drummondek geldialdia hasi zuenetik—, horiek janzten aritu da Ekiza: «Hastapenean, pentsatu nuen disko nahiko lasaia egitea, akustikoa, eta, pixkanaka-pixkanaka, demonioa itzuli da, eta gitarrak gehituz joan naiz, baxuak, bateriak, eta, azken finean, talde bat balego bezalako soinua du, salbu kantu batzuk, nahiko intimistak edo biluziak direnak».

Berak grabatu ditu ahotsak, gitarrak, baxuak eta teklatuak. Torii taldeko Cedric Lepine izan du lagun baterian, Nicola Perret tronboian, eta Jeremi Garat txeloan. Bonberenean grabatu dituzte musika pistak, Karlos Osinaga Txap-ekin: «Nahi nuen Txapekin lan egin; aski hurbilak gara, eta nola proiektua nahiko pertsonala zen, behar nuen norbait nahiko hurbila eta prest zena konpartitzeko gauza hauek nirekin». Ahotsak, berriz, etxean grabatu ditu Ekizak. «Ez nintzen biziki kontent estudioan egindakoarekin, eta nahi nuen aurkitu berriro bat-bateko pertsona hori. Beraz, erabaki nuen berriz grabatzea guztiak, bakarrik, familiako etxe batean bakartua. Ez da oso alaia izan, baina horrela grabatu ditut». Nahasketak Paueko Celine estudioetan egin ditu (Okzitania), Alain Brunetekin.

Willis Drumondek geldialdiari ekin zionean, etxean gitarra jotzeari heldu zion Ekizak, eta konturatu zen aspaldian bueltaka zituen ideiak errepikatzen zituela behin eta berriz. «Ohartu nintzen beti riff hauek, beti ideia hauek jotzen nituela». Etxean grabatu zituen kantak, eta azken urtean idatzitako hitzak gehitu zizkien. Maketak grabatu eta gero izan zuen diskoa grabatzeko ideia. Bata bestearen ondoren jarri, eta 40 minutu inguru irauten zutela ohartu zen. «Hor hasi nintzen diskoarekin amesten».

Kantuetatik askatzeko

«Sentitu dut kantu hauetatik libratzeko behar bat». Dioenez, helburu hori betetzen laguntzen ari zaio diskoa, nolabait. «Azken finean, kantak amaitzen dituzunean eta argitaratzen direnean, pixka bat libratzen zara haietaz».

Kantez askatzea ez da izan, ordea, diskoa grabatzeko arrazoi bakarra. «Plazeragatik» atera nahi izan du lana, «diskoa egitearen eta ateratzearen plazeragatik beragatik». «Nahi nuen modu zaharrerat itzuli, hots, egin disko bat; eta saiatu diskoak ematea berriz plazer hori, normalki nik sentitzen nuena disko bat erostean, deskubritzean, entzutean, berriz entzutean, eta berriro zerbait deskubritzean».

Hori egiteko, finantzaketa kolektiboak askatasun handiagoa eman diola uste du: «Ez nuen diskoaren ondorioez kezkatu nahi. Disko bat atera, jakinda pagatua dela edo, bederen, fabrikazioa pagatua dela: horrek presioa txikiagoa eginen du. Diskoari berari eman nahi nion garrantzia, eta hori egiteko, bistan da, hoberena da diskoa autonomoa izatea diruaren aldetik. Diru hori lortuta ziurtatzen nuen diskoa aterako zela, eta ez diet hainbeste garrantzirik ematen ondorioei».

Hain zuzen, oraindik ez daki diskoa aurkezteko beste kontzerturik emango duen, finantzaketa kolektiboko plataformako zenbait mezenasentzat emango duenaz gain: «Ez dut deus planifikatu oraindik; diskoa egin nahi nuen, eta gero ikusi zer egin. Egia errateko, diskoa egiterakoan fase bat izan dut oso introspektiboa, aski pertsonala eta aski gogorra niretzat, eta, beraz, orain beharko dut denbora pixka bat ikusteko nahi dudan segitu horretan, nahi dudan kontzertu bat eman edo ez».

Txikia izango da finantzaketa kolektiboan parte hartu dutenentzako kontzertua: gehienez 100 pertsonak izango dute Ekiza zuzenean ikusteko aukera —dagoeneko 70 lagun inguruk aukeratu dute sari hori Karenan—. Bilketa amaitzean erabakiko du non eta noiz emango duen kontzertua. «Kontzertu nahiko pribatua izango da; saiatuko naiz haiekin [emaileekin] kontaktuan jartzen, edo, bederen, ikusten nongoak diren gehienak, hautatzeko leku apropos bat. Nahi nuke egin jendeari eskertzeko kontzertua, leku polit batean, eta nahi dut jendearen arabera egin».

Bueltatzeko ideiarekin

Oraindik goizegi da Willis Drummondek geldialdia noiz hautsiko duen jakiteko, baina, Ekizak azaldu duenez, taldeari berriro heltzeko gogotsu daude taldekide guztiak. «Zailtasunak ditugu; izan zen Herri Urratsen episodio hori, egin genuen kanta otsailean, eta gero jo genuen maiatzean, eta, egia errateko, oso ondo pasatu genuen. Artean bakoitzak bazituen bere proiektuak, eta, batez ere, saiatu gara biltzen denak behin edo bi aldiz, eta aldi orotan batek ezin zuen, eta ari ginen pentsatzen ez zela garaia. Baina, egia errateko, egoten garen bakoitzean beti aipatzen dugu. Beraz, espero dut nahiko laster berriro biltzea».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik