Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Etorkizun lausotuak

$
0
0

'Paloma Navares. Argiztapenak 1977/2017'

Non: Donostiako Kutxa Kubo aretoan. Noiz arte: Otsailaren 4ra arte.

Urteari amaiera eman eta hurrengo urtera bideratuz, Kutxa Kubo aretoko erakusketa antolakuntzak Paloma Navares artistaren lanaren atzera begirako bat antolatu du, benetan erakusketa ezinbestekoa Burgosko artistaren ibilbidea gertutik ezagutu nahi duenarentzat. Bertan azken 40 urteetako lana biltzen da, Rocio de la Villa arte komisarioak hautatutako multzo zabal eta egoki baten bitartez. Navaresen lau hamarkadetan garatu duen hainbat teknologia eta materialen esperimentazio mugagabearen bitartez egindako hainbat gairen inguruko gogoetak zabaltzen ditu erakusketak. Besteak beste, zientzia eta gizartearen arteko harremana, genero eta kultura estereotipoak, historian emakumearen irudiaren inguruan garatu den kanona edo eritasunari buruzko gogoetak jorratzen dira bertan.

Arte komisarioak Paloma Navaresen arte prozesua eta ibilbidearen azterketa interesgarri bat azaleratzeaz gain, artistaren testuingurua ere erakusten digu, eta jada atzera gelditu diren urte batzuetatik proiektatzen zaigun fikziozko etorkizun baten emaitza aurkezten digu horretarako, gehienbat 80ko eta 90eko hamarkadei dagokiona. Navares aitzindari izan zela ere azpimarratzen zaigu, teknikari, teknologiari, formari eta gaien tratamenduari dagokienez. Euskarriei dagokienez, hainbat lengoaiaren nahasketa interesgarri bat sortzen da, eta behin eta berriro zeharkatzen dira performancearen, bideoaren, bideo-instalazioaren, argazkiaren edo eskulturaren mugak; eta hori guztia, argiztapenarekin zuzenki lotzen den fikziozko teatralitate baten barruan. Beraz, argia haren lana lotzen duen funtsezko elementu bat da, eta hortik datorkio erakusketari izenburua.

Erakusketa hiru ataletan egituratzen da, nahiz eta haien barruan hainbat gai edo azpiatal dauden. Zurriolako espazioan sartu eta eskuineko lehen aretoan Paloma Navares kabinetea izenpean, orokorrean, egunerokoarekin harremana duten objektu txikiz osatutako lanen serieen bilduma bat aurkezten zaigu. Eta haien artean ikus ditzakegu formatu txikiko argiztatutako venusak, irudi txikiak, ikusmenarekin lotutako objektu eta erremintak, katalogoak, marrazkiak eta collage eta eskultura txikiak. Horiek guztiak gordetzen dituzten bitrinez inguraturik, aretoaren erdian, 1986. urtean Reina Sofia Arte Zentroan antolatu zen Procesos: Cultura y Nuevas Tecnologías erakusketaren parte izan zen Circuito cerrado, circuito infinito (1985) bideo-instalazioa ikus dezakegu, benetako pieza historikoa.

Bigarren atalak 80ko hamarkada amaieratik hasi eta milurtekoaren lehen hamarkadara arteko lanak aurkezten dizkigu. Hiru gai nagusitan daude antolatuta guztiak: Cyber, jaiotzea eta amatasuna izenekoa da lehena, Emakumeenganako maitasunari buruz deiturikoa da bigarrena, eta In Memorian da hirugarrena. Lehen azpiatalean Burgosko artistak gorputz, material eta mekanismo artifizialei buruzko gogoeta planteatzen du, eta horren adibide garbia da 1994. eta 1997. urteen artean sortutako Luz del pasado artelana. Bigarren atalean, berriz, artistak historian zehar emakumearen irudikapenaren estereotipoen inguruko kritika bat plazaratzen du, eta Navaresen ibilbidean jada ezagunak diren gorputz, argi eta estrukturez sortutako artelanak ikus ditzakegu; horien artean, nola ez, Almacen de silencios (1994-1995). Azken azpiatalean, berriz, artistak 2004-2009 bitartean emakumearen inguruan sortutako Otros páramos, mundos de mujer seriea dago, besteak beste, esku-hartutako loreen argazki, ur-jauzi itxurako instalazio edo argi-kaxez osatzen dena. Azken atalak erresilientziaren, amnesiaren, ametsaren eta erotasunaren inguruko gogoetak jorratzen ditu, eta gizakiak bizi duen errealitatearen aurrean duen hauskortasuna plazaratzen du suizidioaren, nahiaren, tabuaren, memoriaren, bakardadearen ideien garapen plastikoaren bidez. Aipagarriak dira aretoaren goialdeko espazioan ikus ditzakegun hiru bideo-instalazioak.

Behin erakusketa ikusirik, argi gelditzen da estetika propio bat garatu duen artista baten aurrean gaudela, eta benetako errespetua merezi duen ibilbide batekin gozatuko dugu. Kaltegabea den edertasun baten atzean, jorratzen dituen gaiekiko benetako konpromisoa erakusten duen artista baten lana erakusten zaigu, eta hainbat gai, prozesu eta teknologiaren garapen eta erabileraren bidez, azken 40 urteetan gizarteak jasan duen eraldaketa erradikal bat plasmatzen du, iraganetik sortua den etorkizun distopiko bat eraikiz.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik