Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Dotorezia pindartsua

$
0
0

Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Erik Nielsen. Ahots bakarlaria: Hanna-Elisabeth Müller. Egitaraua: Wolfgang Amadeus Mozart, Alban Berg eta Richard Strauss. Noiz: Azaroaren 2an. Non: Bilboko Euskalduna jauregian.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak kontzertu misto eta atsegina eskaini zigun denboraldiko bigarrenean, Erik Nielsenen zuzendaritzapean. Izan ere, emanaldian Hanna-Elisabeth Muller sopranoak erdibanatu baitzuen protagonismoa bertako orkestrarekin. Alemaniako abeslaria teknika handiko sopranoa da, bolumen ertaineko ahots eta zabaltasuna duena; gustua du abes-lerroan, afinazioz eta baleko arnasketarekin. Baina lied guztiak abesteko ez du balio. Esaterako, Alban Bergen Sieben Frühe liederren kasuan ( Gaztaroaren zazpi kantak), nahiz eta gozotasun handikoak izan, konpositoreak joko inpresionistak jarri zituen orkestraren laguntzan, edo Wagnerren antzeko harmonizazio dentsoa besteetan; dena dela, orkestrak, gehienetan, irentsi egiten zuen sopranoaren ahalegin gozoa tinbre amalgamaren barnean. Aldiz, egokiago gozatu genuen sopranoak haizeratu zuen kantaldiaz Mozarten Chio mi scordi di te!, K. 505-rekin edo egitarautik kanpo abestu zuen konpositore berberaren beste ariarekin. Horietan, orkestrak, harmonia bertikaleko akonpainamendu hutsa egiten zuenez, distira egin zuen Hannak bel canto-aren ezaugarrietan, hau da, gurguiluetan, fraseoan, legati-n, mesa di voce-n, ahoskatze eta artilulazioan. Beste aldetik, sopranoak ahalegin handia egin zuen Richard Straussen lau liederretan, bere lirismo sakona, parodia eta sentimendua adierazteko, musika-lengoaia dentso batean. Beraz, hobeto ibili zen ahotsa askatzen zuenean, Säusle, liebe Myrte (Egin xuxurla, Mirto maite) Von Brentanoren poesian, hots, dinamikan, forte zebilenean piano-an baino, eta hori orkestraren soinu oparoagatik. Lan handia egin zuen Erik Nielsen zuzendariak orkestra eta sopranoaren lana modu ederrean kontzertatzeko abestaldi osoan. Mozarten lehenengo arian pianoarekin lagundu zion zuzendariak sopranoari, eta eskuak sasoian dituela erakutsi zuen joaldi zuzen batean.

Berriz, BOSek ez zuen arazorik izan hasieran Mozarten Txirula Magikoa-ren Obertura miragarria jotzeko. Ezta kontzertuaren azkenean Mozart berberaren 35. Sinfonia-n ere, Haffner izengoitiaz ezagutua, interpretatu zuenean. Azken horretan, Mozartek idatzitakoari jarraituz, zuzendariak gogor astindu zuen orkestra lehen mugimenduan, tonikatik beherantz gutxi-gutxika eskalak jaitsiz, laugarren graduan gelditu arte. Gero gaia hankaz gora jarri eta imitazioaren bitartez jolastu zen. Guztiz baketsua da, aldiz, eta idazkeraren aldetik tradiziozkoa, 2. Andantea eta Minuetto 3.a. Aitzitik, «ahal den arinen jotzeko» konpositoreak idatzi zuen moduan, jo zuen BOSek 4. Mugimendua. Bertan, singspiel batean antzekotasun handia duen gaiarekin hasten da. Gero, bigarren gaiarekin tonu aldaketak eta modulazioak nonahi berotasun handiarekin bukatzeko. Vienatar sinfonia pindartsua!

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik