Woody Woodmansey eta Tony Visconti. Tony Visconti eta Woody Woodmansey. Biak ala biak dira David Bowie musikaria, mitoaren figuraz harago, gertutik gertura ezagutu zutenak. Hark sorturiko musika ondo ezagutu ez ezik, haren parte ere badira neurri batean. Woodmansey Bowieren taldeko bateria jotzailea izan zen 1969. eta 1973. urteen artean, Spiders From Mars-en garaian, hain zuzen ere. Talde hartatik bizirik segitzen duen bakarra da. Viscontik eta Bowiek, berriz, ia bost hamarkadaz lan egin zuten elkarrekin. Lehenengo aldiz Space Oddity Bowieren estudioko bigarren diskorako batu ziren -jatorrian David Bowie izena eduki zuen-. Hurrengo ia 50 urteetan adiskidetasun harreman hurbilekoa eratu zuten, eta Bowieren hamar bat diskotan produktore lanetan aritu zen Visconti: Diamond Dogs-en (1974), Berlin garaiko Low (1977) eta Heroes-en (1977), Lodger-en (1979) edota The Next Day (2013) eta Blackstar (2016) epitafio moduko azken diskoan. Gainera, baxu jotzaile modura aritu zen Visconti 1970eko The Man Who Sold the World disko ezinbestekoan.
Adiskidetasun luzea
Blackstar argitaratu eta bi egunera zendu zen Bowie, 2016ko urtarrilaren 10ean. Ia bost hamarkadaz adiskide eta ekoizle izandako Tony Visconti izan zuen alboan lan horren sorkuntza prozesuan ere. Heriotza iristean zera esan zuen Viscontik. «Bere heriotza ez zen izan bere bizitzatik oso desberdina: arte obra bat. Guretzat egin zuen Blackstar, bere agur oparia izan zen».
Ia bi urte igaro dira Bowie zendu zela. Eta, orain, Woodmanseyk eta Viscontik Holy Holy proiektua jarri dute martxan, zer eta Bowieren garai enblematikoena oholtza gainean gorpuzteko, hezurmamitzeko. «Ez gara tributuko banda bat, benetako taldea baizik». Holy Holyren emanaldietan Ziggy Stardust diskoaren (1972) birako errepertorioa erreproduzitzen dute, hogei bat kantu guztira. Bihar joko du Holy Holyk, Donostiako Kursaalean. Kontzertua Capsula hirukoak zabalduko du, 20:00etan. Gogoratu behar da Bizkaian egonkortutako taldeak Bowieren Ziggy Stardust-en moldaketa propioa kaleratu zuela diskoan, 2012an. Arrats-iluntze tematikoa izango da, hortaz, ia osorik.
Woody Woodmanseyk (Driffield, Ingalaterra, 1951) eta Tony Viscontik (Brooklyn, AEB, 1944) musikari eskarmentudunak izango dituzte alboan, hainbat taldetan ibilbide oparoa osatutakoak: Glenn Gregory (kantaria; Heaven 17 talde ingeleseko kidea), James Stevenson (gitarra; The Alarm, Scott Walker, Gen X, Chelsea), Paul Cuddeford (ahotsa eta gitarrak; Bob Geldof, Ian Hunter); Berenice Scott (teklatuak; Heaven 17), Terry Edwards (saxoa, gitarra, perkusioa, ahotsak; PJ Harvey, The Blockheads, Department S) eta Jessica Lee Morgan (ahotsak).
Biharko emanaldiak Bowieren bi adiskide zahar eta hainbat jarraitzaile batzeaz gain, beste ezagun batzuk ere bilduko ditu, Tony Visconti bera izan baitzen Capsularen Solar Secrets ekoitzi zuena 2013an, Bowieren bertsioez osaturiko diskoaren hurrengoa, alegia. Ondo ezagutzen ditu, hortaz, Capsulako kideak, Martin Guevara (ahotsa eta gitarra) eta Coni Duchess (baxua eta ahotsak) batez ere, haiek biak baitzeuden disko hura grabatzean. «Ondo asko oroitzen naiz beraietaz. Talde izugarria da Capsula. Kantu ederrak idazten dituzte, eta ederki pasatu genuen grabaketan. Oso gitarrista ona da Martin, eta baxu linea ederrak marrazten ditu Conik», esan berri du Viscontik elkarrizketan batean.
Viscontik 130 diskotik gora ekoitzi ditu bere ibilbidean, Bowierenez gain, Marc Bolanenak (T Rex), Iggy Popenak, John Hiattenak, Thin Lizzyrenak edo Morriseyrenak.
↧
Bowieren oihartzun betierekoa
↧