Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Irudien kontakizuna

$
0
0
Galbahe lanetan aritu dira Bilboko Arte Ederren Museoan. Funtsean gordeta zituzten 3.000 grabatu banaka aztert u, eta, guztien artetik, 59 aukeratu ditu Javier Novo museoko Bilduma Saileko arduradunak. Hautaketa egiterakoan, kolorean jarri du arreta. «Grabatuen historia lantzeko erronka hartu genuen, horren ezaguna ez den alderdi batetik: koloredun grabatuetatik. Kolorea gidari hartuta saiatu gara XVIII. mendetik gaur egunera bitarteko grabatuaren historia azaltzen». Beltzetik harago. Koloretako grabatua Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman erakusketa osatu dute aukeratutako aleekin. Askoren artean, Paul Cezzane, Francisco Iturrino, Joan Miro, Francis Bacon, Cristina Iglesias eta Marta Cardenasen lanak jarri dituzte. Zehazki, grabatuaren eta papereko artearen nazioarteko VI. Bilbo FIG jaialdirako sortu dute erakusketa, eta 2018ko otsailaren 26ra bitarte izango da ikusgai.

Kontakizun bat osatu dutela azaldu du Novok; alegia, grabatuaren bilakaera historikoaren kontaketa bat. Kronologikoki, lau aretotan banatu dute erakusketa horretarako. «XV. mendetik aurrera lehen grabatuak azaldu baziren ere, XVIII. mendean garatu zen, eta hortik abiatu dugu erakusketa». Orduan zabaldu zen estanpak bildumatzeko joera, horiek garraiatzea erraza izateaz gain merkeak ere bazirelako. «Imitaziorako egiten ziren grabatuak, eta, sarritan, sorkuntza ospetsuen erreprodukzioak ere sortzen zituzten. Ez zuten estetikan edo mezu artistikoan arreta gehiegirik jartzen, masetan hedatzea baitzen xede nagusia».

Zabalpen horren eraginez hasi ziren, pixkanaka, grabazioetan koloreak era mekanikoan sartzeko teknikak hobetzen. Jean-Francois Janinet eta Gilles Demarteau sortzaileen lanak aukeratu dituzte garapen horren erakusgarri gisa. Haien ondoan dago Katsushika Hokusai japoniarrak 1822an egindako Irakurtzen dagoen emakumea izeneko estanpa. «XIX. mendean beheraldian sartu ziren mendebaldeko grabatuak, ia desagertzeraino». Azaldu duenez, zaila da mendearen lehen erdialdean koloreak dituztenak aurkitzea, baina, mendebaldean desagertu ziren bitartean, grabazioak loraldia izan zuen Japonian. «XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera mendebaldean garatutako grabatuek asko zor diote Japoniari».

Tekniken loraldia

Elezahar bat ere ekarri du gogora Novok. Azaldu duenez, Felix Bracquemond grabatzaile frantsesak Katsushika Hokusai artista japoniarraren Hokusai Manga liburuaren estanpa batzuk aurkitu zituen bere editorearen bulegoan, 1850eko hamarkadan; Japoniatik iritsi zitzaizkion portzelana piezak biltzeko paper gisa erabili zituen grabatuak. «Harrituta geratu zen, eta, lagun sortzaileei erakutsi ondoren, grabatu japoniarren bildumak egiten hasi ziren artistak». Herni Guerard, Felix Buhot eta Auguste Lepere sortzaileek, adibidez, estetika japoniarraren eraginpean egin zuten lan.

Aldi berean, Parisen, koloretako litografien eztanda izan zen, eta Jules Chereten Moulin Rougeren dantza (1892) eta Paul Cezannen Bainulari txikiak (1897) lanak bildu dituzte horren lekuko.

XX. mendetik aurrera ugaritu egin ziren arte grafikoen teknikak: litografia, serigrafia eta offeset edo inprenta paperaren gainean egindako akrilikoak ziren gehien erabilitakoak. Teknikak areagotzeaz gain, merkatu ere egin ziren, eta, aldeko baldintza horietan, nabarmen aldatu zen grabatuak lantzen zituzten artisten panorama. «Garai honetan agertzen diren grabatuek apenas duten zuriunerik. Kolore biziz margotzen dira denak». Joan Miroren Oda (1973) eta Joan Hernandezen Arrosa berdea (1982) dira bizitasun horren isla. Kartelgintzan ere garapena izan zuen grabatuak, eta, ibilbidearen erakusgarri, Oskar Kokoschka artista austriarraren Lagundu haur euskaldunak (1937) kartela jarri dute, 1936ko gerraren eraginez Hego Euskal Herritik ebakuatutako haurrei laguntzeko deia egiten zuena.

XX. mendean, kolorea ardatz zuten mugimendu artistikoak gailendu ziren: espresionismo abstraktua, pop arteak nahiz Colour Field deitutakoak, kasurako. Bada, mugimendu horietako guztietako artistek ere grabatuak erabili zituzten beren sorkuntzak gizartean hedatzeko.

Linolio izeneko zuntzezko xaflekin egindako linografia teknikarekin sortutako tamaina handiko grabatuak jarri dituzte erakusketaren hirugarren aretoan. Tamaina handikoak dira gehienak. «Grabatuaren ikerketa, artistikoa den arren, zientifikoa ere bada, eta oso komertziala. Normalean, teknika berriak istripuz agertu direla esaten da, eta litografia ere hala sortu zela diote adituek. Erliebeak egitea ahalbidetzen du linolioak, eta egurra baino eraginkorragoa da». Jorg Immendorff alemaniarraren Disdira (1983) da horren adibide.

Bestalde, serigrafia teknika asko erabili ziren 1960ko hamarkadatik aurrera, eta ale batzuk jarri dituzte erakusketaren azken aretoan, tartean, Luis Gordilloren Trifumadora (1983). Marta Cardenas artista donostiarraren Palmerak (1979) eta Andres Nagelen Spray lanak ere daude bertan ikusgai. «Garaikideagoak diren grabatuetan teknikak nahastu, eta eskuz egindakoak ere sartzen dituzte».

Azken mendeetako grabatuen lerro historikoa marrazten saiatu da Novo. «Museoan gordeta ditugun lanak balioetsi nahi ditugu». Erakusketa osatzeko prozedura eta, oro har, grabatuen nondik norakoak azaltzeko solasaldia eskainiko du azaroaren 15ean, museoaren auditoriumean.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik