New Orleans hirian jaio eta bizi izan zen Fats Domino, eta hantxe bertan, AEBetako Louisiana estatuko hiriburuan, hil da mundu osoan ezagun egin zen baina bere sustraiei oso lotua egon zen abeslari eta pianista handia. New Orleans zuen bizileku Fats Dominok, eta New Orleansek Katrina urakanaren ondorio lazgarriak jasan zituenean berreskuratu zuen musikariak iraganean izandako protagonismoaren zati bat. 2005a zen, eta hondamendiak Dominoren auzoaren parte handi bat suntsitu zuen ean, haren bulegoak ere kalte handiak izan zituen. Musika ibilbidean lortutako 21 urrezko diskoetatik hiru besterik ez zuen berreskuratu. Lokatzetan betiko galdutako historia bizia.
AEBetako musikaren historia ez zatekeelako historia bera izango Fats Domino gabe (1928-2017). Datuek agerian uzten dute musikariak bere garaian ez ezik, gerora ere izan duen garrantzia: 65 milioi disko baino gehiago saldu zituen. Baina datuetatik harago doa Dominoren garrantzia: alde batetik rock-and-rollaren sortzaileetako bat izan zelako —batzuen arabera, The Fat Man bere lehenengo singlea (1949) lehenengo rock-and-roll diskoa izan zen—, eta bestetik, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan landu zuen musika bizi, arimadun eta erritmikoa gerora egin zen musika askoren oinarrian egon zelako. Las Vegaserako bidea hartu zuenean, Elvis Presleyk berak onartu zuen New Orleansekoaren eragina: «Hasi nintzenean jaun honek izugarrizko eragina izan zuen nigan». Baina ez zen Dominoren lana aitortu zuen bakarra izan, Paul McCartneyk berak onartu baitzuen The Beatlesen Lady Madonna «Fats Dominoren estiloari jarraituta» idatzi zuela.
New Orleansetik mundura
Rock-and-rolla ez zen sortu bat-batean, eta haren sorreran eta garapenean ezinbesteko garrantzia izan zuen garai hartako musika beltzaren beraren garapenak. Rhythm and bluesa genero arrakastatsua zen, batik bat gazte beltzen artean, eta Fats Domino ere New Orleanseko rhythm'n blues zirkuituan egin zen ezagun hasiera batean. 1940ko hamarkadaren amaiera aldera, ordea, Dave Bartholomew tronpetistarekin batera idatzitako The Fat Man grabatu zuenean, New Orleanseko soinua herrialde osora hedatu zen. Jarraian etorri ziren Every Night About This Time (1951), Goin' Home (1952), Going to the River (1953), eta Ain't That a Shame (1955), azken hori pop zerrendetara ere iritsiko zen ereserkia. Urte hartan bertan kaleratu zuen bere lehenengo lan luzea, izenburu oso esanguratsukoa: Rock and Rollin' With Fats Domino. Sekula ez zuen izan bere garaiko beste rock izar batzuen karisma —ez zen Little Richard, Jerry Lee Lewis, Chuck Berry edo Elvis Presley—, agian, rock izarraren estereotipoari ihes egiten ziolako —ez zitzaion bere jaioterritik irtetea gustatzen—, baina hori gertutasunarekin ordezkatu zuen, eta horrek berak bereziki maitatua bilakatu zuen.
1960ko hamarkadaren erdialdera arte iraun zuen New Orleanseko musikariak publikoaren izandako maitasun harreman hori. 1964an british invasion deitu zutena gertatu zen; alegia The Beatles, The Rolling Stones eta beste talde ugari AEBetara iritsi ziren, eta horrekin batera, publikoaren zaletasunak eta nahiak aldatu egin ziren. Paradoxikoa bada ere, Domino zen talde gazte haien erreferenteetako bat, baina talde haien beraien arrakastak atera zuen pianista salduenen zerrendetatik.
Nolanahi ere, interprete oso ezaguna izaten jarraitu zuen bere bizitza osoan, eta 2006an Katrina urakanak nahi ez zuen protagonismoa eman zionean, Dominoren jarraitzaile ospetsuak haren omenezko disko bat grabatzeko elkartu ziren New Orleansen bertan. Goin' home: A tribute to Fats Domino deitu zioten lan hari, eta parte hartzaileen izenek ematen dute Louisianako pianista eta abeslariaren talentuaren neurria: Dr. John, Paul McCartney, Allen Toussaint, Tom Petty and The Heartbreakers, Randy Newman Toots and The Maytals, Robert Plant, Taj Mahal, Elton John, Neil Young, Lucinda Williams... Denentzat zen erreferente Fats Domino. Erreferente lasaia.