Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Unean uneko dilema moralei heldu ziena

$
0
0
Elkarrizketatzen zuten bakoitzean errepikatzen zuen. «Ikusten dudana kontatzen dut». «Ikusi eta bizi izan dudana kontatzen saiatu naiz». Jendeak galdetzen omen zion zergatik idazten zuen frankismoaz. «Nire belaunaldiak hori bizi izan duelako». Rafael Chirbes idazleak (1949-2015) pentsatzen zuen, gainera, garaian garaiko dilema moraletan hatza sartzeko ardura zeukala nobela batek. Horregatik mintzatu zen gordin, are mingarri, esperantzari tarterik utzi gabe, XXI. mendearen hasierako krisi ekonomikoa deitutakoak Espainian eragindako drama humanoez, azaleratutako kontraesanez, Crematorio (2007) eta En la orilla (2013) eleberri bikainetan. Historiaren istorioa egunkarietan irakurri ez bezala idaztea tokatzen zitzaiola sentitzen zuelako. Biriketako minbiziaren ondorioz hil zen Chirbes, atzo, 66 urterekin.

Joan den astelehenean detektatu zioten gaitza, nahiz eta haren osasuna eskas samarra zen aspaldian, hainbat min zirela medio. Halere, azken hilabeteetan hara eta hona ibili zen bere liburuak promozionatzen, zeregin hori oso gustagarria ez zitzaion arren. Idazle aski ezaguna baitzen jada Chirbes. Crematorio-k Espainiako Kritikaren Saria irabazi zuen, eta En la orilla-k Espainiako Narratiba Sari Nazionala, iaz —kritikarena ere eman zioten lan horrengatik—.

Halere, beti izan da estimatua kritikarien eta literaturazaleen artean. Mimoun (1988) estreinako eleberria kaleratu zuenean, «ahots berri bat sortzen» asmatu zuela adierazi zuen hari buruz Alvaro Pombok. Azken 25 urteotan bederatzi nobela ondu zituen, eta, kritikarien iritzian, «Espainia garaikidearen erradiografia gordina» egin zuen horiekin.

Azken hamarkadan Espainian gertatutakoen berri ematen zuen bere lehen liburua Crematorio izan zen; etxegintzaren burbuilari buruzkoa, Valentziako arkitekto batek ideal politikoak ustelkeria politikoarengatik nola ordezkatzen dituen erakusten duena. Hura «sua» zen, egilearen esanetan. Eta ondoren idatziko zuena, En la orilla, berriz, «errautsa». Esteban 70 urteko gizon abailduaren bakarrizketa barne astintzaileak betetzen ditu liburuaren 440 orrialdeak. Beti gorrotatu izan duen familiaren aroztegia itxi behar izan du aberasteko irrikagatik; kale gorrian utzi ditu lankide izan zituenak, eta aita erabat ezindua zaindu beharra dauka.

Inguruan halakoak edo antzekoak bizitakoa da Chirbes. «Ikusten dut andre zahar dirudun bat erietxera joan orduko haren oinordekoak jatetxean biltzen direla, botila bat ardo on eskatuta, senipartearengatik liskarrean», adierazi zion BERRIAri 2013ko azaroan.

Idazle errealistatzat zeukan bere burua. «Niri gustatzen zaidan nobela errealista da, Benito Perez Galdosena-eta. Ez zaizkit gustatzen arimaren labirintoak deskribatzen dituzten nobelak: nik ezin dut arima ikusi. Pertsona animaliatxoa da».

Hain zuzen, bi zakurren konpainian bizi zen Beniarbeig herritik (Alacant, Herrialde Katalanak) kilometro eta erdira zegoen etxe batean, jaioterritik ez oso urruti. Eta horregatik kokatu zituen bere bi nobela sonatuenak lur eremu horretan: ezagun zuena papereratzen zuelako.

Asko bidaiatutakoa zen, ordea. Sorterria hamasei urterekin utzi eta Madrilera joan zen. Historia ikasi zuen han, eta Marokon, Frantzian, Galizian eta Espainian ere bizi izan zen. Duela 15 urte itzuli zen etxera. Giro literarioetatik aparte ibiltzen zen. Zera pentsatzen zuen: «Idazle askorekin harremanak badituzu —kritikari, editore eta abarrekin—, denen antzeko ahots bat izatera iristen zara azkenean». Ahots propioa Chirbesena, eta bizitzea tokatu zitzaion gizartea begirada eta luma zorrotzez disekzionatzen zuena.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik