Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Artelanek indarkeria edertu ezin dutenean

$
0
0
Egun bat besterik ez zuen iraun Margaret Harrison artistaren (Wakefield, Erresuma Batua, 1940) bakarkako lehen erakusketak. Bertan ziren artelanak «lotsagarriak» zirelakoan berehala itxi zuen Poliziak, 1971n. Hautsak harrotu zituen bertan bildutako artelanen edukiak: Hugh Hefner Playboy aldizkariko zuzendaria untxiz mozorrotuta eta kortsearekin margotu zuen Harrisonek Bunny Boy lanean, eta titiekin, zakila izar formadunarekin eta zapata takoidunekin pintatu zuen Captain America. Ogitartekoen irudi ugari ere jarri zituen ikusgai Good Enough to Eat izeneko seriean. Emakumeak ziren ogi arteko jakiak margolanetan. «Gizonak irudikatu nituen ordura arte publizitatean eta pornografian andreek hartzen zuten toki berean». Arte feministaren aitzindarietako bat da Harrison, eta 1970eko hamarkadatik hona sortu dituen lanak bildu dituzte Bilboko Azkuna zentroan Margaret Harrison. Sexua, klasea eta indarkeriaren arteko harremanak erakusketan. 2018ko urtarrilaren 14ra bitarte izango da ikusgai.

Kalean zegoen mugimendua arte galerietara eraman zuen Harrisonek 1970eko hamarkadan. «Boteredunen menpeko espazioak hartzeko saioa izan zen, nolabait». Gizarte mugimendu bizia zegoen Erresuma Batuan, eta 1970eko Munduko miss andreen edertasun lehiaketa ekarri du gogora; nola joan zen ekitaldiaren aurka protesta egitera, eta nola epaitu zuen kazetari batek. «Egun handia izan zen. Alison Fell lagunarekin joan nintzen; bonbillak jarri zituen bularrean, eta mahukan etengailua zeraman, titiburuak piztu eta amatatzeko. Nik, berriz, plastiko beltza soinean jarri, eta titiburu laranjak margotu nituen». Kazetariei begira geratu da Harrison. «Badakizue zer esan zidan zuen lanbide bera zuen batek? Itsusia nintzelako ari nintzela protesta egiten».

Errealitatearen artea

Aktibismoa du Harrisonen lanak ardatz, eta argi dio testuinguru soziopolitikoari lotutako artea egin duela hasieratik. Betiere, begirada feminista oinarri hartuta: hark egindako lanek etengabe salatzen dute sexuaren eta klasearen zapalkuntza eta emakumeen kontrako indarkeria sinboliko nahiz fisikoa. Homeworkers (1977) eta Rape (1978) lanak dira horren adibide. Etxean egiten ziren lanen baldintzak salatzeko sortu zuen Homeworkers (etxeko langileak) artelana.

1975ean, Erresuma Batuan, Soldata Berdintasunerako Legea onartzean abiatu zuen etxe langileei buruzko ikerlana artistak. Orduko andreen baldintzak erakusteko eskularruak, paparreko orratzak, botoiak, lan ordutegien taulak edota fabrikatzaileek langileei emandako diru sarien paperak jarri zituen Homeworkers artelanean, milaka emakumeren esplotazioa agerian uzteko.

Rape (bortxaketa) lanean, berriz, emakumeen kontrako indarkeriarik gordinena erakutsi zuen. «Zazpi gizonek bortxatutako andre baten kasuari buruzko egunkari zatiak erabili nituen artelana osatzeko. Emakumeak gertakaria salatu eta kasua auzitara eraman zuen arren, egoerak ez zuen hobera egin»; haren ondoan beste kasu bat margotu zuen Harrisonek: «Errusiako emakume batek, bi gizonek bortxatu ondoren, bi-biak mozkortu eta drogatu zituen, gerora zikiratzeko».

1978an jendaurrean aurkeztu zuen estreinakoz Rape artelana, Londresko Serpentine aretoan, baina, edukiaren indarra ikusita, ostentzeko saioa egin zuten museoko kideek berehala. «Serpentinen doakoa zen sarrera, eta Hayward galeriara eramatea pentsatu zuten, hara sartzeko ordaindu egin behar zelako eta uste zutelako herritar gutxiagorengana iritsiko zela horrela». Kontrakoa lortu zuten, ordea, eta eragin nabaria izan zuen sorkuntzak iritzi publikoan. «Bi andreren kasuak erakutsi besterik ez nuen egin; horregatik, beti esaten dut ni ez naizela nire artelanen heroia, lanen atzean dauden emakume horiek guztiak baizik».

Greenham Common Women's Peace Camp-ean oinarritutako Common Reflection (2013) lana ere jarri dute ikusgai Bilboko erakusketan. 1981ean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak AEBetako misilak Erresuma Batuetara eramateko erabakiaren aurkako protesta egin zuten hainbat emakumek aireko armadak Greenhamen zuen base militarrean: 70.000 emakume ere bildu ziren protestak iraun zuen bitartean. Andre horiei guztiei omen egiteko, kanpamentuaren irudikapena egin zuen Harrisonek, hesi zati batean. Greenhamen egindako ekintzetako batean, ispiluak hartu, eta basean islatu zituzten emakumeek. Ekintza hori gogora ekartzeko, artelanari ispilu erraldoi bat jarri dio aurrean Azkuna zentroko aretoan.

Artista feministak azken hamarkadan egindako lanetan ohikoa da ispiluen erabilera. Hari horri tiraka, Virginia Woolf idazleak Gela bat norberarena (1929) liburuan idatzitako hitzak izan ditu Harrisonek gogoan: «Mende hauetan guztietan, emakumeak ispilu izan dira, gizonaren tamaina naturala bikoiztuta islatzeko gaitasun magikoa eta zoragarria izan duten ispiluak».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik