Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Sormenarentzako lurralde bat

$
0
0
Atzo jarri zuen atzerako kontua martxan Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak. «52 egun falta dira Durangoko 52. Azokarako». Baina atzo izan zen hori, Durangoko Kurutze Santu museoan egindako prentsaurrekoan. Gaur 51 egun baino ez dira falta, bihar 50 soilik faltako dira, eta, hala, egunez egun, Landako guneko ateak zabaltzeko unea heldu arte. Abenduaren 6tik 10era izango ditu irekiak ateak azokak, eta aurtengo kartela aurkezteko egin zuten deialdia atzo. Jose Antonio Sistiaga artistaren margolan bat izango da aurtengo azokaren irudia, eta Sormenaren lurraldea DA! izango da lelo ofiziala. Nerea Mujika: «Lurralde honek bakoitzaren garun eta bihotzetan su txikiak piztuz sentimendu kolektibo indartsu bat aktibatzea nahi dugu».

Sistiagak 1989an zeluloide gainean zuzenean pintatuz sortutako Impresiones en la alta atmósfera filmetik berreskuratuko irudi bat da berez Gerediaga elkartekoek kartel bihurtzeko hautatu dutena. Milaka eta milaka fotograma margotu zituen artistak zazpi minutuko lan hura osatzeko, eta milaka fotograma horietako bat da zehazki kartelekoa. Mantxa koloretsuek eta forma abstraktuek osatzen dute irudia, baina iradoki dezake sortzen ari den lurralde baten ideia ere, eta horregatik ere hautatu dute irudia antolatzaileek; nolabait ere, aurtengo leloarekin bat egiten duelako.

Euskal artean izen handia da Sistiagarena. Gaur taldeko kide izan zen Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Luis Zumeta eta Amable Ariasekin batera, eta hezkuntza esperimentala sustatzeko hainbat proiektu ere jarri zituen abian. Erabat apurtzailea izan zen zeluloide gainean pintatzeko egin zuen hautua ere. Teknika hori erabiliz sortu zuen 1968an Ere erera baleibu izik subia aruaren film luzea, eta teknika hori erabiliz osatu zuen Durangoko Azokako kartela sortzeko baliatu duten filmeko irudia ere. Eta, hain zuzen ere, zeluloide gainean pintatzeko ideia nola piztu zitzaion azaldu zuen artistak atzoko aurkezpenean: «Ni Parisen bizi nintzen, eta joan nintzen Montparnassera, pelikula bat ikustera; haren aurretik, film labur bat zegoen, Norman McLarenena. Lehen aldiz han jakin nuen zeluloidean pintatu zitekeela, eta erabaki nuen nik ere pintatu nahi nuela pelikula bat».

Argi zuen, ordea, berak ez zuela musikarik nahi irudiekin, eta, hala, McLarenen filmaren kontrara, mutua izan zen bere filma. Artistak atzo zehaztu zuenez, intuizioari segika eta era oso organikoan margotu izan du berak beti, eta, horregatik, bere hitzetan, lan egiteko modu horren «eboluzio natural» moduko bat izan zen zeluloidea pintatzera jauzi egitea.

Osteguna, ikasleentzat

Azokak izango dituen nobedade batzuk ere jakinarazi zituen Mujikak. Ikasleen eguna, adibidez, aurten azokaren bigarren egunean egingo dute, ostegunean, eta, Mujikak zehaztu duenez, beteta daude jadanik tailer guztiak. Gainera, iaz egin bezala, aurten ere egun horretan arratsaldez euskara ikasten ari diren helduentzako ikastaroak ere antolatuko dituzte.

Azokaren zabalpena ere aipatu zuten Gerediagakoek. Eta Ahotsenea sortzaileen gunearen 10. urteurrenari egin zion keinu horregatik Mujikak. Izan ere, erakusketa ibiltaria jarri dute martxan Ahotseneakoek mugarria ospatzeko, eta Tafallan hasi du ibilbidea. Mujikak aipatutakoaren arabera, Durangoko mugetatik harago joateko aukera eman dio horrek azokari.

Azoka babesten duten hainbat erakunderekin familia argazkia ateratzeko aitzakia ere izan zen atzoko aurkezpena. Han izan ziren, horregatik, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea.

Azokak euskal kulturarentzat duen garrantzia nabarmendu zuten guztiek. Muñozek zehaztu zuenez, esaterako, «oso garai interesgarrian» dago euskal kultura, eta, hain zuzen ere, hori ezagutarazteko balio du azokak. «Askotan falta izaten zaigu hori agerian jartzeko modua, baina Durangok horixe egiteko aukera ematen du».

Castrok euskal kultura indartzeko beharra nabarmendu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean. «Egitasmo pribatuen eta publikoen arteko elkarlana da helburu horretara ondoen eramango gaituen estrategia».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik