'Y olé!'
Konpainia: Jose Montalvo. Koreografia: Jose Montalvo, Joelle Iffrig, Fran Espinosa. Musika: J. S. Bach. Bideo-sormena: Jose Montalvo, Sylvain Decay, Pascal Minet. Jantziak: Rose-Marie Melka, Marie Malterre, Didier Despin. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Urriak 10.Kataklismo baten eran hasi da Jose Montalvo konpainiaren emanaldia, atzean proiektaturiko irudietan munduko ur-jauzi handiak ikusten zirela. Istant batez itxi ditut begiak, eta hurrengo unean eszenaren erdian zeuden zazpi emakume, jarrera telurikoan, munduaren sorreratik han egon izan balira bezala. Ordurako Le sacre du printemps-eko konpas indartsuetan geunden murgilduta, eta bideo-proiekzioak murru baten gainean erakutsi ditu lehen lerroko emakumearen eta gizonaren figurak. Haien oinetatik sustraiak hazten ziren, eta sustraietatik, buruz behera jarritako zuhaitz loratu bat.
Jose Montalvo Espainiako Gerra Zibileko guraso erbesteratuen semea da, dantzaren alorreko sari eta domina ororen jabe da eta pieza honetan bere sustrai andaluziarrak omendu nahi izan ditu. Elkarrizketa batean hala zioen: «Nire pieza guztiak dira estetika eta etika mestizoaren aldeko intziri bat». Eta horrekin bat dator Stravinskiren partitura lau emakumeren zapateatu ezin indartsuago batekin moztu izana.
Hortik aurrera etorri dena ezin da hitzez deskribatu: emakumeen soinekoak eta gizonen trajeak soiltasunaren paradigma izan dira, eta haien kolore alaiek argi esan digute udaberri baten ospakizunean geundela, jatorrizko obran proposaturiko erritu makabrotik urrun. Bitartean, Montalvok araztasun handiko abstrakzio bihurtu ditu balizko arketipoak, Picassok Las Meninas-ekin egin zuen antzera, eta dantzariak estilo guztietan aritu dira, hip-hopetik ballet klasikoraino, dantza estilo afrikarren eta flamenko-adierazpideen sublimaziotik igarota.
Ordea, Stravinskiren piezaren iraupena mugatua da, baina Montalvoren irudimena ez, eta musika famatua amaitu ostean hasi da benetako festa, What a Wonderfull Day bezalako melodia ederrak Madril herrikoiko kanta batzuekin eta Manhã do carnaval edota Ojos verdes bezalako monumentuekin tartekatuz. Eta bitartean dena berrasmatu da: flamenko dantzariek ez dute flamenkorik dantzatu, balletekoek erabat perbertitu dituzte dantza klasikoaren eskema zurrunak, eta hip-hop estiloko akrobatek inoiz ez bezalako zehaztasuna erakutsi dute, Montalvoren planteamendu aurreratuari oso esangura berezia emateaz gain. Ezer ez da bere molde kanonikoan egin, eta hala ere, goi mailako artea zerion guztiari, dantzaren arteari, irudi proiektatuen sormenari, musika-hautaketari eta flamenko-dantzarien furia eta tentsioari. Anartean ez dira falta izan Espainia antifrankistari egindako aipamenak Errepublikako banderari eginikoa edota Andaluces de Jaen kantarena kasu, eta azken eszenan dena esanda geratu da, dantzari guztiak txalupa batean sartu eta atzeko proiekzioak Afrikaren irudia erakutsi duenean.