Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Mendez Esparza: «Oso libre aritzen saiatzen naiz, ez ideia batean tematzen»

$
0
0
AEBetako emakume beltz bat du protagonista Antonio Mendez Esparzaren Life and Nothing More filmak. Bi seme-alaba ditu, 14 eta 3 urtekoak, eta haien aita kartzelan dago. Kafetegi batean lanean ematen du eguna, txandaka, eta ez zaio batere erraza beste ezertarako tarterik ateratzea. Semearekin arduratuta dago gainera, lapurreta batean parte hartzeagatik atxilotu berri dutela eta. Testuinguruak badu garrantzia filmean, baina batez ere pertsonaietan jarri du indarra. Eta bide horretan, aktore ez profesionalekin lan egitea erabaki zuela azaldu zuen atzo zinemagileak. «Ez zuten gidoiaren berri, eta haiek ziren eszena bakoitza eraikitzen joan zirenak; gu, berriz, oso adi egon ginen filmatze prozesuan haiek deskubritzen edo asmatzen zutenari».

Regina Williamsek eta Andrew Bleechingtonek jokatu dituzte bi protagonisten rolak. Amaren istorioa semearenarekin lotuta doa ezinbestean. Hasiera batean, biak tartekatuz joatea pentsatu zuen zuzendariak, baina gero, arreta lehenik batean eta gero bestean jartzea hobetsi zuela azaldu zuen. Egitura hori, baina, gehiago izan zen edizio garaian hartutako erabaki bat. «Film bat sortzean, oso libre aritzen saiatzen naiz, eta arazo bat sortzen bada, unean bertan bilatzen irtenbidea, ez ideia jakin batean tematzen».

Prozesu osoan jardun du horrela, gainera. «Pertsonaien bilaketa, esaterako, izugarri polita izan zen. Filma idazteak, preprodukzioak, casting prozesuak, filmatzeak... batak besteari eragiten diote, lotuta doaz nolabait». Antzezle gaztearen bila, eskola batetik bestera ibili zen; Williams, berriz, ahizpa casting-era laguntzera joan zenean ezagutu zuen. «Prozesuan zehar bihurtu dira aktore. Oso lan intuitiboa da».

Bien egunerokoa agertuz, beste zenbait gai ere ukitzen dira filmean: gizarte nahiz genero desorekak, arrazakeria, lan baldintzak... «Beti zentratzen naiz pertsonaietan, baina haiek ingurune errealista batean jartzen saiatzen naiz. Horrekin beste gai batzuk ukitu baditzaket, ongi deritzot».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik