'Le semeur'
Zuzendaria: Marine Francen. Aktoreak: Pauline Burlet, Geraldine Pailhas, Alban Lenoir... Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 98 min.
Gizon bat elkarbanatuko duen emakume taldea du abiapuntutzat Le semeur-ek. 1852. urtea da. Frantzian, mendi artean dagoen herrixka bateko gizonak preso hartuko dituzte Errepublikaren aldekoak izateagatik. Bertako emakumeek ez dakite zenbat denbora igaroko den haiek itzuli arte, ezta itzuliko diren ere, beraz, paktu bat egingo dute: gizon bat iristen bada haurrak edukitzeko garaian dauden emakume guztiekin oheratu beharko da, hauek haurdun gelditu arte. Paktuak logikoa dirudi, gizon bat, Jean, iritsi eta filmaren protagonista den Violette maitemintzen duen arte.
Itxura txukuna du Marine Francenen filmak. Benetan ikusgarriak diren ilunabarreko plano ugari erabiltzen ditu, atrezzo eta eszenografiak puntu bat ematen die eta istorioak erritmo polita du. Gaiak ere badu bere mamia: etsituta dauden emakume batzuen esperantza, lehen aldiz maitemintzen den neska baten amorrua, erabat galduta dagoen gizona... Baina filma amaitzerako ez da argi gelditzen zer kontatu nahi izan duen zuzendariak. Maitasun istorio bat al da? Laguntasun istorioa? Elkarlana goraipatu nahi du? Etsipena? Aurrera atera nahi duen herri baten saiakera da beharbada azaldu nahi duena? Entretenimendu bezala ez dago gaizki, baina ez du hausnarketarako giltzarik ematen.
Pertsonaiak, bestalde, interesgarriak izan litezke, baina Francenek ez du haietan sakontzen. Apenas dakigun Violette eta Jean protagonisten ezaugarriren bat, nahiz eta istorioak aurrera egin ahala ez duten ia garapenik, eta gainontzeko pertsonaiek multzo gisa funtzionatzen dute. Zuku gehiago eman zezakeen istorioak ihes egin diola dirudi. Ikusteko erraza den filma da, entretenigarria, baina ez du gehiegi iraungo ikuslegoaren buruan.