'La cordillera'
Zuzendaria: Santiago Mitre. Herrialdea: Argentina-Espainia-Frantzia. Iraupena: 114 minutu.
Abiapuntu interesgarria du La cordillera-k. Hernan Blancok (Ricardo Darin), Argentinako presidenteak, Txilen antolatzen den Latinoamerikako presidenteen bilera batera joan beharra du, bertan bere herrialdearen etorkizunerako garrantzitsuak diren erabakiak hartuko dituelarik. Baina bidean dela, bere alabaren (Dolores Fonzi) senar ohiak informazio konfidentziala zabaltzearekin mehatxatu dituela jakiten du. Erabaki politikoez gain, beraz, pertsonalak ere hartu beharko ditu Blancok. Horixe da filmaren lehen ordu laurdenean erakusten digutena; arazoa da konflikto pertsonal eta politikoaren puntu gorenean gaudenean amaitzen dela filma. Bat-batean.
Estrategia politiko eta pertsonalez hitz egiten digu Mitreren filmak. Gizon arrunta gisa ezagutzen den Argentinako presidenteak, karguan hilabete gutxi daramatzala, zein herrialderekin elkartu behar den aztertu beharko du -baita elkarketa horrek ekarriko dituen ondorioak ere-: Mexiko eta Estatu Batuekin edo enperadore deitzen dioten Brasilgo presidente ospetsuarekin. Aldi berean, haren alaba, ikusleriari ezkutatzen zaion arrazoiren batengatik, shock egoeran geldituko da eta filmaren tonuarekin oso bat ez datorren hipnosi terapia bat ezarriko diote. Bertan, oraindik jaio ez zenean jazotako gertaerak gogoratuko ditu alabak. Kostata baina intriga handiko puntu batera ekarri gaitu Mitrek. Ordura arte egin duena jokoaren arauak erakustea izan da. Ikusleria adi dago. Erantzunak nahi ditu. Egoeraren bat argitzen doa, baina galdera gehiago sortzen zaizkigu. Pantaila beltzera doa. Kredituak azaltzen hasten dira. Filma amaitu da. Jendeak elkarri begiratzen dio, zer edo zer ulertu ez duelakoan. Eta Ricardo Darin nahiz Dolores Fonziren interpretazio bikainek edota Alberto Iglesiasen musika apartak ere ez digute ziria jo diguteneko sentsazioa kenduko.