'Borg/McEnroe'
Zuzendaria: Janus Metz. Herrialdea: Suedia-Danimarka-Finlandia. Iraupena: 105 minutu.
Wimbledon txapelketa 1980an. Bjorn Borg suediarra txapelketa bosgarren aldiz irabazteko lehian ari da. John McEnroe estatubatuarrarentzat lehen aldia da. Finalean ikusi beharko dute elkar. Metzen filmak bi tenis jokalari horien jatorriak erakutsiko dizkigu, final hartaraino eraman zituztenak.
Fikziorako sortutako pertsonaiak dirudite: Borg suediarra hotza da, ez du sentimendurik erakusten, ez zelaian ez etxean. McEnroe, aldiz, erraz berotzen den horietakoa da. Zelaian sortzen zituen istiluengatik ezaguna. Film baterako protagonista (eta antagonista) perfektuak. Baina Metz haratago doa, eta nahiko pertsonaia antzekoak direla erakusten digu. Haien lehenengo pausoak erakutsiaz pertsonaiak ulertzen laguntzen digu, haiengandik gertuago sentituz, haiekin sufrituz, finalean nork irabaztea nahi duzun erabakitzea kostatzen zaizularik. Tenis ikonoak baino gehiago direla azaltzen digu filmak eta honek Wimbledoneko txapelketa bati buruzko film bat baino sakonagoa den istorio batean murgiltzen gaitu.
Metzek hautu ona egin du: bai halako pertsonaien istorioa kontatzea erabakitzean, bai aktoreen aukeraketan, baita istorioak duen ibilbidean ere. Tenis arloko film baten moduan aurkezten zaigu, baina konturatzerako, askoz ere pertsonalagoa den drama bat bilakatzen da, edozein kiroletako final bat nola kontatu behar den erakusten digun masterclass batekin amaituz. Azken sekuentzia film bat baita bere osotasunean. Drama du, tentsioa, konfliktoa, klimaxak diruditen uneak, baita pertsonaien garapena ere. Muntaketa bizia da behar duenean, soinu bandak badaki egoera errespetatzen, eta aktoreak lehertu beharrean daude. Film borobil batentzat amaiera borobila.