Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Adopzio subrogatuen auzia mahai gainean jarri du 'Una especie de familia' filmak

$
0
0
Eztabaida handia eragiten ari den auzi bati heldu dio Diego Lerman zinemagile argentinarrak Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu duen lanean. Beste emakume bat erditu den haurra adoptatu nahi du Una especie de familia filmeko protagonistak, eta oztopo ugarirekin egingo du topo bidean, legeari lotutakoak ez ezik, etikoak ere bai. Galdera bat nagusituko da haren inguruan film osoan: ama izateko bere irrikan, zein muga egongo da zeharkatzeko prest?

Barbara Lenniek jokatu du protagonistaren rola: Buenos Airesen bizi da Malena, eta erdiko klaseko mediku bat da. Ama izateko gogoak bultzatuta, ehunka kilometroko bidaia bat egingo du herrialdean barrena, herrixka batean jaiotzear den umea adoptatzeko. Baina hasieran hitzartutako baldintzak aldatu egingo dira —besteak beste, dirua eskatuko diote—, eta auziaren konplexutasuna geratuko da agerian. Horixe nahi zuen zuzendariak, aktore taldearekin batera eginiko agerraldian azaldu zuenez: «Filmak, sabelen subrogazioari bainoago, adopziorako alokairuari egiten dio erreferentzia. Lege hutsune bat dago, eta haur bat adoptatu nahi dutenentzat eraginkorra ez den sistema bat. Horrek hainbat kontu dakartza: haur ugari zain daude umezurztegietan, hainbat amak beren haurrak adopzioan ematen dituzte bizi dituzten gabeziengatik, Argentinan abortua ez da legezkoa... Horrek denak eremu emankorra ematen zigun film bat ontzeko».

Auzi konplexu horri heltzeko, moralaren gaiaren bidetik ekitea erabaki zuen zuzendariak: «Malenaren begiradatik, moralaren eraikuntza hori interesatzen zitzaidan, ikustea nola eraikitzen den moral soziala, gai honek zekartzan anbibalentzia eta anbiguotasun guztiekin».Hala, zer dagoen ongi eta zer gaizki azaltzen baino gehiago, ikusleari errealitate hori aurkezten eta morala gizarte eraikuntza bat dela nabarmentzen saiatu dela esan zuen.

Filmaren pisu ia osoa Lenniek hartu du bere gain, eta Malenarena orain arte jokatu duen pertsonaiarik konplexuenetako bat izan dela adierazi zuen aktoreak. «Oso bidaia konplexua egiten du pertsonaiak, eta aktore gisa gauza asko eskatzen zizkidan». Bere lana prestatzeko horrelako egoera bat bizi izan duten emakumeekin egon zela azaldu zuen: «Andre honen energia ulertu nahi nuen».

Halaber, Malenak bere bidaian hartzen dituen erabakiak etsipenarekin lotuta daudela iruditzen zaiola esan zuen Lenniek: «Bere bizitzako une oso konplexu batean dago, eta aurrerantz ihes egiten du, gehiago ezin duen arte. Uste dut beretzat borroka horretan aurrera jarraitzea dela bizirik jarraitzeko modu bakarra».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik