Ohitura batzuk ez ditu aldatu. Lehen erantzuna umorezkoa ematen du; are, absurdoaren mugan dagoena. Gero irribarre bihurria egiten du, Camel markako zigarretari zupada sakon bat eman bitartean. 2011n izan zen azkenengoz Donostiako Zinemaldian Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarra(Orimattila, 1957), Le Havre aurkezten. Etorkinen gaiarekiko bazuen kezka ordurako. Oraingoan Toivon tuolla puolen (Esperantzaren beste aldea) aurkeztera etorri da Donostiara, zeinetan errefuxiatuen errealitatea landu duen; gordin bezain samur. Berlinale zinema jaialdian zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza saria eskuratu zuen; eta atzo jaso zuen zinemaldiko Fipresci saria —Prentsa Zinematografikoaren Nazioarteko Federazioaren saria—.
Ohitura batzuk ez ditu aldatu: duela sei urte bezala, ardo zuria eta garagardoa eskatu ditu kazetariekin elkartu orduko. Eta poza adierazi du, bai kazetariekin biltzeagatik eta bai Fipresci saria jasotzeagatik: «Ilusio pixka bat egin dit, bai. Finlandian sekulako egurra eman didate, beste askotan bezala. Tira, batez ere gazteek... Normala ere bada, bizitza osoa daramat hor, eta zahar bat baino ez naiz haientzat».
Siriatik karga itsasontzi batean iritsi den Khaled mutil gaztearen istorioa kontatzen du Kaurismakiren azken filmak. Asilo eskaera ukatu egingo diote, baina bertan geratzea erabakiko du. Bitartean, 50 urte inguruko Wiktstrom gizon grisak bizimoduz aldatzea deliberatu eta jatetxe bat irekiko du. Bien bizitzak gurutzatu egingo dira. Gurutzatu egingo ditu Kaurismakiren begirada gordin, xalo eta sentiberak.
Duela sei urte kezka zuen etorkinekiko, eta kritiko ageri zen Europarekiko. Orain, kritika areagotu egin du, eta sua dario ahotik Europako batasunaz aritzean: «Europak galdu egin du bere izatea, behin betiko, noizbait izan badu halakorik. Europa faltsu bat da egungoa, oso artifiziosoa, ekonomikoa baino ez. Hots, gorotz puska handi bat». Kaurismakiren hitzetan, «irain handi bat» da, gainera, Europako Batasunak aurten elkartasun balioekin loturiko sariak jasotzea —Asturiasko Printzesaren Konkordia sariaz ari da, batez ere—. «Ez litzateke ezer pasatuko Europa bere horretan existituko ez balitz. Behar baino gehiago entzuten zaio. Europak urguilu handiegia dauka. Eta bere historiari erreparatuz gero... Milioika hildako eragin ditu, eta hala ere...». Eta, hala ere, eskerrak umorea geratzen zaion: «Tira, ni ez naiz europarra; dagoeneko portugaldarra naiz». Hiru hamarkada baitaramatza urtearen erdia, «neguko hilabete hotzak», Portugalgo iparraldeko herrixka batean bizitzen.
Han topatzen du lagunartea. Epeltasuna. Aterpea. Eta filmak egiteko adorea. «Beti esaten dut egin dudan azken filma dela. Eta serio esaten dut. Baina, gero, konturatzen naiz beste ezer ez dakidala ganora pixka batekin egiten. Bestela desastre hutsa bainaiz».
Intelektual hitza aditu orduko muturra okertu du. Ez du beste zenbait gaitan bezala erantzuteko denbora hartu. «Intelektuala ni? Ez, ez. Jakina, ni ez naiz intelektuala. Ez naiz inoiz izan. Baina erronka jotzen badidate, erantzungo diet». Eta badu Europako egungo zinemaz esatekorik. Eta ikuspegi kritikoz esan ere. «Ahaztu egin dugu zinemaren eduki soziala. Zinemak eduki soziala behar luke, nire ustez, zinema izango bada. Modu batera edo bestera, baina eduki soziala izan behar du. 1960ko hamarkada amaieran hasi zen zinemaren ikuspegi soziala galtzen». Egun, batez ere, «zinema ona»sumatzen dut faltan. Zinemagile onak badaudela dio, baina haietako asko loriaren ametsak jaten dituela: «Ikusten ditut herrialde txiroetako zinemagileen filmak; Errumaniakoak-edo, adibidez. baina pare bat film interesgarri egiten dituzte eta hurrena Hollywooden egin nahi dute, edo Hong Kongen. Berdin du. Baina bide horrek ez daramatza inora. Hori ez da etorkizuna».
«Ni 'stablishment'-a naiz»
Ez du Hollywooden arrakastak erakartzen. Haatik, onartu du pribilegiatua dela: «Ni stablishment-a naiz. Zinemaren industriaren barruan nago, baina dirua ez zait zipitzik ere inporta. Film bat egiteko behar dudana; horixe lortzeak baino ez nau kezkatzen. Modurik onena film txikiak egitea da, baina, mugitu behar badut, mugituko naiz».
Film txikiak, «edo ez hain handiak», egiten jarraituko du. Eta gizarteari begirada kritikoa jaurtitzen segituko du; baita pertsonaia xumeenei, behar gehien duten horiei, maitasunezko begirada goxoa eskaintzen ere. Eta zergatik ez diet bada samurtasunez begiratuko! Hori ere bada sortzaileon egitekoa». Eta, umorez agurtuko da. Zigarretari eta ardo zuriari azken kolpea emanez. Beti irribarretsu: «Ez dakit zer arraio naizen, baina badakit mundu hau ez zaidala batere gustatzen. Hala ere, asmatzen dugu nola edo hala gustura egoten. Hori bai, benetan zoriontsu behin izan naiz. Eta aspaldi izan zen, Paula [Oionen] emaztea ezagutu nuenean...».