Hiru hamarkadatik gora daramatza itxita Donostiako Arte Ederren eraikinak, eta haren inguruko eztabaida piztu da azken orduetan. Sade enpresa da eraikinaren jabea, eta "egiturazko harlauza bat" erori dela-eta, kupula eraisteko baimena eskatu dio Donostiako Udalari, argudiatuta ezin duela segurtasuna bermatu.
Ondare gisa babesa eman zion Jaurlaritzak eraikinari; hortaz, Sadek ezin du bere kabuz kupula eraitsi. Gaur egun, sare batek babesten du eraikina, baina enpresak ohartarazi du egitura eroriz gero, litekeena dela sare hori nahikoa ez izatea herritarrak babesteko. Premiazkotzat jo du kupula kentzea, eta hala ez egitea "arduragabekeria" litzatekeela gaineratu du.
Bestelako asmoak azaldu ditu Donostiako Udalak. Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek ukatu egin du eraikina eraisteko baimena emango duenik, eta kupula "birgaitzearen" alde agertu da. Udaleko hirigintza batzordeak ezohiko batzarra egin du gaiaz hitz egiteko; Ramosek gogorarazi du ondare gisa babestuta dagoela eraikina eta Jaurlaritzari nahiz Gipuzkoako Aldundiari dagokiela "balizko irtenbideak" bilatzea.
EH Bilduk plazaratu zuen ostegunean Saderen asmoa. Koalizioak udal gobernuari eskatu dio ez dezala kupula eraisteko baimenik eman eta eraikina "birgaitu" dezala. Herritarren segurtasuna bermatzearen alde azaldu da, baina Saderen "estratagemaren" aurka.
Irabazik, berriz, gogorarazi du babestutako eraikina mantentzea jabeari dagokiola.
Ia ehun urteko ondarea
Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zuen Arte Ederren eraikina, 1914. urtean, eta, beraz, mendeurrena beteko du hiru urte barru. Donostiako Hiri Ondarearen Katalogoan jasota dago, eta hainbat erabilera izan ditu; azkena, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entsegu gune.