Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Umorearen eraikuntzari buruzko gogoetak biltzen ditu 'Jakin'-en ale berriak

$
0
0
Umorea politikoa da. Ideia hori hartu dute abiapuntu Jakin aldizkariaren 220. zenbakian, umorearen eraikuntzaren inguruan gogoeta egiteko. Sei lagunek gaiari buruz eginiko hausnarketak jaso dituzte ale monografiko berrian, bost artikulutan: Iñigo Aranbarri idazlearena; Uxoa Anduaga soziologoarena; Laura Mintegi idazle eta EHUko irakaslearena; Unai Iturriaga bertsolari, gidoigile eta irudigilearena; eta Mario Zubiaga eta Edorta Arana EHUko irakasle eta EMAN ikerketa taldeko kideena. Nork zeri, zergatik eta zertarako egiten dion barre aztergai hartuta, umoreak hartzailea «mugaren alde batean edo bestean» kokatzen duela uste dute artikuluen egileek, eta euskaldunek ere «dantza horretan mendeak» daramatzatela, Peñaflorida kondearen Txanton Garrote pertsonaiatik hasi, eta Mission Pays Basque filma edo ETBren Euskalduna naiz eta zu? saioraino.

Aranbarriren ustez, gazteleraz gaizki moldatzen den euskaldunarena «giltza zaharra da» umorerako. Hainbat adibide jarri ditu horren lekuko, umoreak botere harremanekin duen lotura aztertzeko. Anduagaren ustez, umorea bada «identitate nazionalaren kidetasuna indartzeko tresna» ere. Bertsolaritzaren bat-batekotasunetik aztertu du auzia Iturriagak, eta botere harremanen inguruan ere egin du gogoeta. Baita Mintegik ere, auziari adierazpen askatasunaren eta bere mugen ikuspegitik helduz. Zubiagak eta Aranak, azkenik, euskal gatazkari buruz egunkarietan argitaratutako tira komikoak hartu dituzte hizpide, Tirabirak egitasmoaren harira; umorearen mugak botereak eraikitzen dituela ondorioztatu dute, baina botere joko horretan, tirak «elkarbizitzarako zubi» ere izan daitezkeela diote.

Bost artikulu horiekin batera, Miren Artetxek, Henrike Galarzak, Txerra Rodriguezek, Ignazio Aiestaranek eta Koldo Diaz Bizkarguenagak kulturari, ekonomiari, soziolinguistikari eta beste hainbati buruz ondutako testuak bildu dituzte Jakin-en ale berrian. Lana ixteko, kontrazalean, Iturriagaren lan grafiko bat ageri da.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik