Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Austria elektronikoa

$
0
0
Arte elektronikoak baliabide elektronikoak erabiliz egindako sorkariak ditu oinarri; hots, ordenagailuz egindako obrak, bideo lanak, instalazio interaktiboak eta musika elektronikoa hartzen ditu barnean. Ikuslea artelanaren parte izan ohi da arte elektronikoan, eta feedback-a egoten da obraren, erabiltzailearen edo ikuslearen artean. Joera artistiko horren erakusgarri, plastikoa ardatz hartuta, Europako prozesu artistiko elektronikoak biltzen dituen Plastic Planet proiektua ikusgai dago azken egunetan Bilboko Azkuna zentroko atarian. Bihar izango du azkeneko eguna.

Arte elektronikoaren eremuan erreferentziala den Linzko (Austria) Ars Electronica zentroarekin eta Madrilen egoitza duen Austriako Kultura Foroarekin elkarlanean egindako proiektu bat da Plastic Planet. Hain zuzen ere, Jaime de los Rios komisarioak egindako erakusketaren bidez narratiba bat eratzen da Europako prozesu artistiko elektronikoak herritarrei ezagutarazteko. Horrez gain, komiki formatuko argitalpen bat ere egin dute.

Austriako eszenako artistek aurkeztutako artelan garaikideen topaketatik sortu zen proiektua. Era berean, Austriako Atzerri Ministerioak lehenengo aldiz egindako proiektu baten emaitza da. Erakusketa horretan, Ars Electronicako bost artistaren instalazioak eta performanceak ikus daitezke, Linz baita teknologia berriei lotutako eszena artistikoaren munduko gunea.

Gonbidatutako artisten artean, Chang Yen Tzu, Stefan Tiefengraber, Marta P. Campos & Jurgenropp, Cesar Escudero Andaluz, Karmelo Bermejo eta Ubermorgen daude.

Bost instalazio

Bihar arte, bost instalazio egongo dira Azkuna zentroaren kulturen atarian. Hasteko, Marta P. Campos & Jurgenropp artisten The Improvement Of Life obraren parte den Polifemoren begia aurki dezake Azkunara sartzen den bisitariak. Bertan, zentzumenei lotutako bost organoak eta burmuina dituzten zenbait eskultura daude, zientzia museoetako bildumetako edo laborategi bateko zati bat balira bezala aurkeztuak. Halaber, eskultura horien itxurak gogora ekartzen ditu giza gorputzaren hutsune biologikoak hobetzeko etorkizunean egin daitezkeen ahaleginak, De los Rios komisarioaren iritziz. «Beren obraren bidez, artistek erakutsi nahi izan dute etorkizun batean gizakien burmuinetan eta beste organo batzuetan txertatuko dela elektronika». Azkuna zentroaren Polifemoren begia ekoizpenak Kulturen Ataria eraldatu eta ziklopearen leize zulo bihurtuko du, eta bisitariak galdutako bidaiari bilakatuko ditu.

Aldamenean, Cesar Escudero Andaluzen File_món instalazioan ageri den eguzkiaren pantailan, irudiak proiektatzen dira collage kritiko moduan. Ordenagailuko idazmahaiaren irudiak daude hor, eta Internetetik deskargatutako agiriak eta irudien ikonoak pantailaren atzealdea balira bezala banatuta ageri dira, elkarren gainean. Harri-jasotzaile bat ageri da horietako batean; altxatzen duen harria, baina, artxiboz osaturik dago.

Noise #1 instalazioan, hamar jing daude zintzilikatuta sabaitik, atzealdean soka txiki batzuk jarrita, eta, talka txiki baten bidez, Koreako tresna horren ohiko soinua egiten dute. Stefan Tiefengraber artistak performanceak eta soinu arteko instalazio interaktiboak egiten ditu.

Bileren espazioan daude Karmelo Bermejoren Guerrilla Cleaning eta Ubermorgen-en Binaryprimitivism obrak. Deutsche Bank taldearentzat egindako doako lana da Bermejorena; inolako ordainsaririk jaso gabe Deutsche Banken sukurtsal bateko kristalak garbitu zituzteneko bideo proiekzioa da instalazioaren ardatza. «Arteak mugak era askotan nola zeharkatzen dituen pentsarazten laguntzen du obra honek», arrazoitu du De los Rios komisarioak. Ubermorgen-ena, aldiz, primitibismo binarioan oinarritzen da. Europan lehen aldiz dago ikusgai, eta manifestu bat darama berekin.

Zuzeneko performancea

Asteazken arratsaldean, Edi Nulz hirukote austriar-alemaniarrak inaugurazio kontzertua jo zuen Azkunan bertan. Rock eta jazz osagaiak osotasun organiko eta ludiko batean bateratuz, solemnitate guztietatik urrun, eta herri musikarekiko maitasunean oinarritutako energiaz. Ostegunean, bestalde, Consonni arte argitaletxeak irratsaio bat antolatu zuen Azkunarekin batera, jabetza intelektualari eta praktika artistikoei buruz, eta zenbait adituk beren ikuspuntuak eman zituzten.

Proiektuaren barruan, instalazioez gain Chang Yen Tzu artistaren performance intimo eta pertsonala ikusteko aukera egongo da gaur, 12:00etan. Hor, artistak tresna esperimentalak erabiliko ditu bere haurtzaroa berreraikitzeko. Hots, bere jostailu zaharrak hackeatuta eta tresna elektroniko gisa aurkeztuko ditu horiek.

Era berean, tokiko artistekin ere bisita gidatu bat antolatu dute. Hala egin ezean, gaur 11:00etatik 21:00ak arte egongo da erakusketa ikusteko aukera. Bihar 20:00etan itxiko dute.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik