Lapur famatua izan zen El baile de la Victoria filmean, jostailu asmatzailea La educación de las hadas-en, nerabe intersexual baten aita XXY-n, burdindegi baten jabea Un cuento chino-n, armadako hegazkin pilotua Kóblic-en, apaiza Elefante blanco-n, lizentziarik gabeko abokatua Carancho-n, minbizia diagnostikatzen dioten antzezlea Truman-en, eta lehergaietan aditua den ingeniaria Relatos salvajes-en. Horiek eta beste hamaika rol jokatu ditu bere ibilbide luzean Ricardo Darin aktoreak (Buenos Aires, 1957). Hamaika pertsonaiari jarri die bere aurpegi ezagun bezain sinesgarria. Manuel Gutierrez Aragon idazle eta zinemagilearen hitzetan, «badirudi jokatzen dituen pertsonaia guztiak beretzat idatziak direla berariaz, eta bere antzezpenerako soilik. Filma ikusi ondoren, (...) ez genuke onartuko Darinek ez beste inork joka zezakeenik benetan pertsonaia hori». Gaitasun horrek eraman du antzezle moduan ibilbide oparoa egitera, eta hala aitortu diote nazioartean, hogeitik gora sarirekin. Orain, Donostiako 65. Zinemaldiak egingo dio aitortza, Donostia sariarekin. Irailaren 26an izango da saria emateko ekitaldia, Kursaaleko auditoriumean. Ostean, Darinek lan egin duen film berriena emango dute, La cordillera, Santiago Mitre herrikideak zuzendu, eta Cannesko Zinemaldian joan den hilean estreinatu zutena.
Donostian maiz egondakoa da Darin, eta ongi ezagutzen du Donostiako Zinemaldia. Hark lan egindako hainbat film izan dira jaialdiaren programazioan, eta haiek aurkezten sarritan izan da bisitan, 2001ean Eduardo Mignognaren La fuga Urrezko Maskorra lortzeko lehian izan zenetik. Sail Ofizialeko epaimahaiko kide ere izan zen 2012an, sari nagusia François Ozonen Dans la maison lanak eraman zuen urtean. Darinek ere jaso zuen berea orain dela bi urte, aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eraman baitzuen —Javier Camararekin ex aequo—, Cesc Gay zuzendariaren Truman-en egindako lanagatik. Aurten, beraz, berriro etorriko da aktorea Donostiara. Saria jasotzeaz gain, La cordillera lana aurkeztuko du, non, Latinoamerikako presidenteen goi bilera baten testuinguruan, Argentinako gobernuburuaren rola jokatu baitu.
Oso txikitatik du Darinek aktore sena. Gurasoekin antzezlan batean parte hartu zuen haur bat baino ez zela, eta hainbat telesailetan agertu zen nerabezaroan. Batez ere telebistan jardun zuen bere lehen urteetan, baina 80ko hamarkadan antzerkiaren mundura egin zuen jauzi. Bi eremuetan aritu zen urte haietan, baina zinemagintza zer zen ere probatzen hasia zen ordurako. 1979. urtean hasi zuen bere ibilbidea pantaila handian, Julio Porterren La carpa del amor eta Adolfo Aristarainen La playa del amor filmetan parte hartuta, besteak beste. Hurrengo bi hamarkadetan, telebistarako nahiz antzerkirako lanak bazter utzi ez bazituen ere, zinemagintzan gero eta gehiagotan aritu zen, besteak beste, Aristarainekin (The Stranger, 1987), Alberto Lecchirekin (Perdido por perdido, 1993), Eduardo Mignognarekin (El faro, 1998) eta Juan Jose Campanellarekin (El mismo amor, la misma lluvia, 1999) lan eginez. Nazioartean ezagun egingo zuen filmean parte hartzeko aukera, baina, 2000. urtean iritsi zitzaion, Fabian Bielinskyren eskutik, Nueve reinas-en iruzurgile baten rola jokatu zuenean.
Ondorengo urteetan, dozenaka filmetan egin zuen lan, tartean, Campanellak zuzendutako hirutan: El hijo de la novia (2001), Luna de Avellaneda (2004) eta El secreto de sus ojos (2009, atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuena). Hainbat sari eskuratu zituen horietan eginiko lanagatik, baita beste interpretazio hainbatengatik ere, gaur arte nazioarteko hogei bat sari biltzeraino. Zuzendari gisa ere egin zuen debuta 2007an, La señal lanarekin, Martin Hodararekin elkarlanean ondu zuena; haren esanetara jarri da aurten, Nieve Negra filmean.
Irailaren 22tik 30era
Irailaren 22an hasiko da aurtengo Zinemaldia, 65. aldia izango duena. Jaialdiak ez du, oraingoz, aurtengo programazioaren inguruko xehetasunik zabaldu —atzera begirako ziklo bat Joseph Losey zuzendariari eskainiko diola baino ez du iragarri orain arte—. Darinez gain beste Donostia Saririk izango ote den ere ez da jakina oraindik.