Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Moldatzaile aparta

$
0
0

EOS

Zuzendaria: Andrei Boreiko. Biolina: Leticia Moreno. Egitaraua: Aram Khatxaturianen Biolinerako Kontzertua eta Sergei Prokofieven Romeo eta Julieta. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Ekainak 2.

Berriz ere Andrei Boreiko gure artean. Faltan sumatzen nuen egia esan; eskuak besapean, berotasunetik argiztapen itzeleraino. Margolari aditu batek egingo lukeen moldaketa dotore eta interesgarri bat gauzatu zuen Sergei Prokofieven Romeo eta Julieta obran. Zu gutxiago, zuek biok elkarri entzun, gu gehiago, zuek dotoreago, denok erritmikoki zehatz, zu ameslari, zu erne. Boreiko orkestra moldatzen joan zen zuzenean, kontzertuan bertan, inongo erreparorik gabe, askotan podiumeko gidatzaile batek dakarren show erakustalditik aldenduz. Klarineteari asko eskatu zion, obraren sakontasunean buruz behera sar zedin; biolontxeloak bikaintasunean aritu ziren, horiek honako honetan ez zuten ezer berezirik behar. Tronpeta beldurti, tronpak adoretsu, eta perkusioa erne. Flauta bikotea afinazio zalantzekin, biolak harro, eta bigarren biolinak ezkutuko etengabeko erritmoan eroso. Ez zen primerako Romeo eta Julieta bat izan, baina zuzendariak, moldatzaile rolean jartzen denean, orkestra atentzio puntu gorenean harrapatzen du, eta kolore eta emozio interesgarriak atera daitezke. Zorionak!

Emanaldiko izar irudia Leticia Moreno biolinista aparta izan zen. Ospe handiko izena, gaur egungo marketin argazki paregabea, eta musikari gisa emankorra. Halere, Aram Khatxaturian georgiarraren obran biolinaren soinua lotsatia izan zen, orain dela gutxi laberatu den interpretazio baten seinale. Moreno ezkutuan, kantatu beharreko pasarteetan dotore baina indarrean, auditoriumeko beheko aldean eta are gehiago goiko eserlekuetan, orkestrako edozein kortxea tuntunek biolina estaltzen zuten. Gehiago espero nuen; hainbesteko sona duen izarrak entzulea txunditzera abiatu behar du, eta partitura jotzearekin ez da nahikoa. Ea beste batean interpretazio gozagarri bat entzuteko aukera dugun.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik