Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Philip K. Dick, ipuinez ipuin

$
0
0
Ubik, Do Androids Dream of Electric Sheep? —Blade Runner filmaren oinarri nagusia, The Man in the High Castle... Nobelak dira Philip K. Dicken (Chicago, 1928-Santa Ana, Kalifornia, AEB, 1982) obraren lanik ezagunenak, eta nobela horietakoren bat itzultzeko aukera aztertu zuen Aritz Gorrotxategik (Donostia, 1975) Meettok argitaletxearen enkarguz Dicken liburu bat euskaratzeko lanari ekin zionean. Baina ipuinen aldeko hautua egin zuen, eta 11 narrazio batu ditu Ordaina liburuan, Iban Zalduak idatzitako hitzaurre baten atzetik. Liburuan jasotako ipuinak publikoari ez zaizkiola oso ezagunak egingo uste du Gorrotxategik, baina haien artean adibidez Minority Report filmaren oinarrikoa dagoela gogorarazi du: Gutxiengoaren txostena. «Beraz, narrazio batzuk ez dira guztiz ezezagunak izango jendearentzat».

«Kronologikoki ordenatuta daudenez, liburuko ipuinek egilearen bilakaera ikusteko aukera eskaintzen dute», Gorrotxategiren ustez. «Liburuko lehen ipuinak irakurtzean igartzen da formazio urteetan idatzitakoak direla. Irakurlea konturatuko da lehenbiziko urte haietan ekintzari garrantzi handiagoa ematen ziola Dickek, ipuin horiek zuzenagoak direla, gutxiago elaboratuak, dialogo gehiago dauzkatela... Azkeneko hiruzpalau edo lauzpabost ipuinetan, aldiz, diskreziorako joera handiagoa dago, pausa gehiago».

Liburuko lehen ipuinak idatzi zituen garaian, Dickek aldizkarietarako idatzi ohi zuen, «korrika eta presaka, diru pixka bat jasotzeko ordainean», Gorrotxategik dioenez. «Urteekin bere ametsa bete ahal izan zuen, nobelak argitaratzea, eta beharbada horrek eman zion halako egonkortasun bat —nahiz eta bere bizitza pertsonala ez izan batere egonkorra—, eta bestelako pausa batekin idatzi zuen».

Behin ipuinen aldeko hautua eginik, Selected Stories of Philip K. Dick bilduma izan zuen lanerako oinarri nagusi Gorrotxategik; Ingalaterran argitaratu zen 2013an, Jonathan Lethemek apailatua eta haren hitzaurre batez hornitua. «Edizio hartan 25 ipuin zeuden, eta handik egin genuen aukeraketa Ramon Etxebestek [Meettok argitaletxeko arduraduna] eta biok». Ipuin zerrenda guztiz finkatu aurretik, Iban Zalduari kontsulta egin zioten, batez ere ez zutelako nahi liburutik kanpo uzterik derrigor hautatu beharreko narraziorik.

Generoaren gailurrean

Zientzia fikzioaren arloan, idazlerik interesgarrienetako bat da Philip K. Dick, Iban Zalduaren ustez. «Haren karrera apenas hiru hamarralditan garatu bazen ere, eta nahiko aspaldi, haren obrarekiko kultua —bizirik zegoela nahiko handia zena jada— hazi besterik ez da egin orduz geroztik: cyberpunk-a bezalako azpiadarren sorburua da, eta literatura fantastikoaren alor horren gailurrean kokatuta dago, garai batean Isaac Asimov, Arthur C. Clarke edo Ray Bradbury zeuden lekuan».

Dicken lanik ezagunenak nobelak direla aitorturik ere, Iban Zalduak uste du haren «gaien, estiloen, fokatzeen eta kezken panoramika osoa eta bizkorra eskuratzeko» egokiagoa dela ipuinetara jotzea. «Esango nuke Dicken literaturaren esentzia ipuinetan dagoela, horietan ez zuelako zertan nobelako luzamenduetan eta itzulinguruetan ibili, muinera jotzen zuelako. Behar den bezala».

Zientzia fikzioa bereziki gustuko ez duten irakurleentzako ere idazle egoki eta gustukoa gerta daiteke Dick, Zalduaren ustez. «Generoaren konbentzioak eta topikoak bete-betean erabiltzen baditu ere —bidaiak denboran eta izarretan zehar, alienigena zein robotekiko harreman gatazkatsuak, espazioaren kolonizazioa, apokalipsiak eta postapokalipsiak...—, modu berezian egiten du, zentzu oso filosofiko eta hausnartzaile batekin: goi literaturarako ohikoa den maila iristen du maiz, hondakin materialak diruditenetatik abiatuta».

Literatura errealista eta garaikidea gustuko duenak Dicken lanak irakurtzen gozatu egingo du, Zalduaren ustez. «Ziurrenik ez dagoelako, gaur egungo turbokapitalismo globalizatzailean, garaikideagoa den literatur generorik etorkizunari buruz aritzen dena baino. Dickek aztertu zituen hainbat arazo —errealitate deitzen dugunarekiko alienazioa, adimen artifizialarekin dugun harremana, inguratzen gaituen konspirazio eternala...— idatzi zituen garaian baino garaikideagok dira gaur egun».

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik