Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Ilunpetik argira

$
0
0
Batasun baten bi alderdi kontrajarriak islatzea. Hori izan du helburu nagusi Moon Duo taldeak Occult Architecture proiektuan. Taldearen izaerari berari jarraituko balio bezala. Bi lagunek, Ripley Johnsonek eta Sanae Yamadak, osatzen dute Moon Duo, eta bitasun horrek berak marraztu du San Frantziskoko (AEB) taldearen izaera. Yamada: «Buru bakar baten bi aldeak izango balira bezala. Beti daude norabide ezberdinetan, baina burmuin bakarrak zuzentzen ditu». Horregatik, Occult Architecture bi diskok osatzen dute (Vol 1 eta 2); lehenengoak yin-a ordezkatzen du, eta bigarrenak, yang-a. Iluntasuna aurrenekoak eta argia haren segidak. Bata bestearen osagarri izango balitz bezala. Bi kontzertu emango ditu bikoteak Euskal Herrian. Hurrengo igandean, hilaren 11n, Donostiako Dabadabak hartuko du Moon Duoren proposamen lisergikoa, eta hurrengo egunean Bilboko Kafe Antzokian izango da kontzertua.

«Iluntasuna / Argia kontzeptu hori, gerora bi diskotan islatu duguna, kantuak grabatzen eta nahasten ari ginela etorri zitzaigun», azaldu du Johnsonek, argituz ez zutela aurretiazko planik. «Negu hilean hasi eta udaberriaren berpizkundearen eta eztandarekin segitu. [AEBetako] Ipar mendebaldean bada zerbait indartsua urtaroen iragatean, eragin fisiko eta psikologiko zuzena duena gugan».

Bitasun horren emaitza argia da Occult Architecture. Lehenengo diskoak Moon Duoren orain arteko soinuei jarraitzen die. Suicidek edo Spacemen 3-k aurretik ezarri zituzten kiribil errepikakor eta psikodelikoei erreparatzen die bikoteak, taldearen ikur izan diren krautrock erritmoei uko egin gabe. Melodiarekin eta distortsioarekin jolasten dira, erasokor batzuetan eta hipnotiko besteetan.

Bigarren aleak, ordea, taldearentzat neurri batean berria izan daitekeen bide bat irekitzen du, aurrekoa itxi gabe. Diskoak berak bere barnean duen kontzeptuari jarraituta, beren konposizioetan argia utzi dute sartzen, eta horrek berak ekarri du erritmo aldaketa bat pieza batzuetan. Hala, Mirror's Edge-k ekartzen du gogora Madchester-en garaietan Primal Scream edota Happy Mondaysek lantzen zuten musika [hura ere] lisergikoa; eta The Crystal World sintetizadoreetan eta erritmo errepikakorren gainean eraikitako pieza luzea da. Taldearen ikur izan diren gitarrak, aldiz, ezkutatuak daude, atzean, apal.

Moon Duo 2009an sortu zuten Johnsonek —Wooden Shjips taldetik zetorren— eta Yamadak, eta EP pare batekin eta estudioko lau diskoarekin olde psikodelikoaren talde nagusietako bat bilakatu da denbora gutxian. Eta azkeneko lan hauek erakusten duten moduan, bertan goxo gelditu nahi ez duen bikoteak osatzen du Moon Duo.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik