Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua. Izenburu hori izango dute jardunaldiek, eta lau esparru horien arteko talka eta elkarguneak aztertzea izango du helburu. "Gure eguneroko bizitza eta besteekiko bizikidetza hizkuntza, genero, klase sozial eta jatorriaren arteko harremanetan josten da", Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren hitzetan. Harreman horiek sorrarazten dituzten galdera eta erronkei erantzuten saiatuko da ikastaroa.
Bi egunetan banatu dituzte jardunaldiak. Lehenengoa "akademikoagoa" izango da, nahiz eta bizipenek ere leku nabarmena izango duten. Agirrek eta Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakasleak emango diote sarrera topaketari, eta jarraian lau hizlarik hitz egingo dute: Mari Luz Esteban antropolo eta EHUko irakasleak, Ignazio Aiestaran filosofo eta EHUko irakasleak, Maria Reimondez itzultzaile, interpretari eta poeta galiziarrak eta Itziar Gandarias psikologo sozial eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Bazkalondoren Eskisabelek gidatutako mahai inguruan parte hartuko dute lau hizlariek.
Bigarren egunean "bizi-ibilbideen" errepasoa egingo du ikastaroak, eta hitzaldi bana egingo dute Amelia Barquinek (kulturartekotasunean aditua eta Huheziko irakaslea), Petra Elserrek (Banaiz Bagara elkarteko zuzendaria), Tarana Karimek (SOS Arrazakeriako kidea), Jessica Chalampuentek (Ecuador Etxeko kidea) eta Aminata Diop Seckek (Amher elkarteko kidea). Aurreko egunean bezala, ondoren mahai ingurua izango da lauen artean.
Bi saioen laburpena egingo dute Maialen Lujanbiok eta Sustrai Colinak.
Jardunaldiek jarraipena izango dute ikastaro orduetatik kanpo ere. Horrela, uztailaren 13an Harria-Hitz Usurbilgo herriaren (Gipuzkoa) eta euskal kultura garaikidearen arteko loturari buruzko bisita gidatua egingo da 18:00etan. Bisitariek Jose Luis eta Usoa Zumetaren Arte Estudioa ezagutzeko aukera izango dute ondoren, eta gauez, azkenik, Joseba B. Lenoirrek eta Miren Narbaizak elkarrekin kontzertua emango dute Mikel Laboa plazan, eta La Basu ariko da ondoren.
Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, baina izena eman behar da aurretik.