Carmen Calvo. 'Sueños desde la nada'
Non: Altxerri galeria, Donostia. Noiz arte: Uztailaren erdialdera arte.Berriro ere, zazpi urte igaro ondoren, Donostiako Altxerri galeriak Carmen Calvoren (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1950) azken lanen erakusketa bat aurkeztu du, Sueños desde la nada izenburupean. Artistaren ibilbidea ezaguna da jada arte garaikidearen ikusleen artean; bere lanek ibilbide bat eta lanerako modu bat irudikatzen dituzte.
Oraingoan, 2013. eta 2017. urteen artean sortutako artelan multzo bat dago ikusgai, horien artean, manipulatutako argazkiak, collageak, eskulturak, zein marrazkia, pintura eta collagea nahasten dituzten lanak, azken urtean bertan sortutakoak azken horiek. Guztiek gordetzen dute 2013. urtean Espainiako Arte Plastikoen saria jaso zuen artistaren kutsu bat, batzuetan ametsetik baino, amesgaiztotik gertuago kokatzen dena. Calvoren lanaren inguruan hainbat irakurketa egin daitezke; surrealismoa eta povera artearen bidetik altxatzen diren lanek haurtzaro gogorraren eta emakumearen zapalkuntzaren gaien inguruko gogoetak zabaltzen dituzte. Hala ere, gai horien gertutasuna jakina eta agerikoa den arren, erabat pertsonala den errealitatearen inguruko pentsamendu eta irakurketa bat plazaratzen du, eta bere interpretazioen eta interbentzioen bidez, gorderik dagoen errealitate gordinago baten irudiak iristen zaizkigu.
Galerian sartu orduko, Calvoren ezkutuko errealitate horrek biltzen gaitu, 2013ko He involuntariamente eta Por encima del error, eta 2015eko Son ideas sentimentales lanen bitartez. Obra horiek Calvoren prozesuan —eta bereziki collage multzoen barruan— ohikoa den ekintza bat aurkezten dute: hainbat pintura eta argazkitako aurpegien estaltzea. Kasu honetan, ekintza hori hainbat teknikaren bidez ematen da, pintura, buztina nahiz oihala. Material ezberdinen erabilera ezaugarri ezaguna da artistaren lanetan; horien bidez ezkutatzen dituen identitateek anonimotasun bat azpimarratzen dute, eta, aldi berean, ikuslearen eta lanaren arteko identifikazioa ahalbidetu. Era berean, erretratuak historian zehar izan duen garrantziaren inguruko gogoeta bat ere izan daiteke, kasu honetan, interbentzio pertsonal baten bidez, memoria, oroitzapena eta beste maila bateko ezkutuko sentimenduak iradokitzen direlarik. Sentimendu horiek azaltzeko bideek eta horiek identitatearekin duten harremanak garrantzi berezia du Calvoren lanean, eta erakusketa sarrerako artelanak horren adibide garbi bat dira.
Artistaren obran lan bidimentsionalak nagusi diren arren, eskulturak ere badu bere txokoa unibertso pertsonal horren barruan, nahiz eta ez duen beste lanen mailarik lortzen. Erakusketan aurkezten diren eskulturek —La magia, Perversamente eta Muy cerquita—, povera artearen eta surrealismoaren ukitu argi bat gordetzen dute. Hainbat elementuren nahasketak —oihalak, liburu zaharrak, panpinen buruak eta hankak...— identitate, oroitzapen eta sentimenduen eraikuntzak izan daitezke, baina esan bezala, lan bidimentsionalek beste alderdi bat lantzen dute. Ziur aski, ezberdintasun horrek artelanaren aurkezpenarekin eta irakurketarekin du harremana, hau da, bi prozesuen aurkezpenarekin lotuta dago, ikusle moduan eskulturekin (objektu pilaketa moduan ulertua) dugun harremana zuzenagoa eta gordinagoa baita.
Eskulturen bidez sartzen gara espazioko areto nagusian. Alde batera, 2013. eta 2016. artean askotariko teknikekin sortutako collageak aurkezten dira, benetan interesgarria den multzo bat osatzen dutenak: liburuen gainean egindako collageak, beste garai bateko argazkiak eta objektu ezberdinak erabiliz eginiko konposaketak, eta batez ere, grabatu gainean egindako collageak benetan finak dira, artistak konposaketa horiek sortzeko berezkoa duen maisutasunaren barruan. Aretoaren kontrako aldean, berriz, artelanek bestelako ikuspuntu bat erakusten dute, nahiz eta collagearen teknika errepikatzen den. Alde batean, argazkia, pintura eta hainbat objektu nahasten dituen 2014ko El valor del uso social aurkezten da, eta haren alboan 2017an sortutako azken lanak ikus daitezke, liburu zaharren orrien gainean egindako marrazkien bidez sortuak, aurreko lanen fintasunetik urrun.
Objektuak, haien memoriak eta historiak, eta horiek manipulatzeko gaitasunak eraikitzen dute Carmen Calvoren artista identitatea. Surrealismoa, dadaismoa edo povera artearen erreferentzia eta eraginen bidetik, ikuslea eremu ezberdinetara garraiatzen du, ezezagunak, pertsonalak, ilunak, gaiztoak, kutunak nahiz krudelak izan daitezkeen istorio, amets zein bizipenak iradokiz. Horrela, ikuslearen begirada lantzen da, voyeur baten modura edozeinenak edo norberarenak izan daitezkeen bizitzak eta sentipenak eraikiz.