Martha Graham Dance Company
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 24.Beti da gertakizun bat Marta Graham konpainiaren etorrera, eta hori berori sentitu dute Bilboko Arriaga antzokia goraino bete duten ikusleek. Estetikarik aratzenaren bilaketa determinatuan, aro bateko dantzariak eta sortzaileak baldintzatu zituen koreografo newyorktarrak, eta haren meritutzat jotzen dut Bilbo inguruko dantzari gutxi batzuk behingoagatik kalitatezko dantza emanaldi batera erakarri izana.
Egitarauak arkeologia kutsu nabarmena eduki du, horrek dakartzan on eta txar guztiekin, eta Deep Song pieza hasi aurretik Picassoren Gernika-ren 3Dko irudi zatikatuak proiektatu dira atzeko pantailan, Grahamek 1937an sortu baitzuen lan hau Espainiako gerran emakumeek jasandako sufrimendua sublimatu nahian. Anne Souder bakarlariak gaualdiko soinekorik garaikideena jantzi du —zuri-beltzeko zerrendekin egina—, eta piano okluitu bateko notek apaindu dituzte dantzariaren etsipenezko keinuak, sinbolismo handiz dena isilean eta iluntasunean amaitu den arte.
Bigarren pieza hasi baino lehen zuzendari artistikoaren agerraldia etorri da, eta, hizkuntz kolonialismoaren erakustaldi betean, ingeles hutsez eta batere konplexurik gabe azaldu digu esku-programan gutariko edonork irakur zezakeena, ikusle analfabetoak bagina bezala. Bitartean, gogora etorri zait gurean euskarazko esaldirik txikiena ere berehala eta automatikoki erdaratzen dela ustezko edukazioaren izenean. Ingelesak, ordea, ez du horren beharrik.
Teorikoki Dark Meadow Suite AEBetako indigenen erritualetan inspiratuta dago, eta modaz pasata egon arren, dotorezia nabarmena antzeman dugu argien kolore beroetan eta jantzi primitiboen diseinu estilizatuan, baina Grahamek 1946an sortu zuen lan hau zorduna da orduko Hollywoodeko estetikarekin, eta gaurko ikuspegitik kontrako eztarritik sartu zaizkigu Tarzan itxurako dantzariak, aborigenen ustezko ohitura exotikoak eta geroko Cleopatra bezalako film handinahietako gizaki-segida ikusgarri bezain astunak.
Lehen aldiko azken atala —Woodland— Pontus Lidbergek sortu zuen 2016an, eta Xin Ying dantzariak interpretatu du helduen mundutik aldendu, basoko izaki misteriotsuekin ibili eta nagusien mundura ostera ere itzultzen den neskatoaren rola. Erromantizismo abstraktutzat jo genezakeen musikan bilduta, finezia, malgutasuna eta leuntasuna izan dira dantzari guztien ezaugarriak, baina koreografoaren eta konpositorearen inspirazio faltak betelan itxuraz zipriztindu dute proposamena ezinbestean.
Atsedenaldiaren ostean Lamentation piezaren proiekzio batean preziatu ditugu Marta Grahamen dohainak, batez ere dantzaren mistizismoan eta arropa zein gorputz-jarrerari emandako sinbolismoan. Jarraian Lamentation Variations-ekin etorri dira gaualdiko hiru koreografo interesgarri, batez ere Larry Keigwin. Keigwinen koreografian konpainia osoak dantzatu du Chopinen pianorako nokturno batek lagunduta, eta neska batek desesperoan bilatu du azken salbazioa haren inguruko beste guztiak zerraldo erortzen ziren bitartean. Kostata, baina azkenean gure aroaz eta gutaz hitz egin duen zerbait ikusi dugu!
Amaieran, ordea, berriz ere itzuli gara Marta Grahamen denboretara, eta sitsek jandako Diversion of Angels-en amodioaren hiru paradigma azaldu dira: horiz jantzitako neskak maitasun nerabea irudikatu du, gorriz jantzitakoak amodio pasionatua eta zuriz jantzitakoak zentzutasun heldua. Ideia hotzen zerbitzura egon da mugimenduaren diseinua, emozioak zeharo baztertuta eta balizko estetikaren araztasuna beste ezeren gainetik jarrita, baina xede horrekin eraiki diren oreka eskultoriko arriskatuek gutxienez bitan egin dute huts eta, bide batez, agerian utzi dute garai bateko planteamenduen artifizialtasuna.