Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Jainko gabeko bihotz bakartiak

$
0
0
Periferietako subjektuak; emakumeak, euskaldunak eta gazteak izango dira Bihotz Bakartien Klubaren emanaldi berriaren protagonistak. «Bazterretik oholtza gainera ekarri nahi izan ditugu XX. eta XXI. mendeetako emakume poeten ahotsak», dio Arrate Gaztelu taldekideak (Larrabetzu, Bizkaia, 1997). Testuen egileak ez ezik, taula gainean arituko diren gehienak ere andrazkoak izango dira. Hori da, hain zuzen ere, Bihotz Bakarti Berriek —hala deitzen diote belaunaldi berriek klubari— landu nahi dutena Jaungoikoak ukatzen dituen emakumea naiz emanaldiarekin: andrazkoen sorkuntza, emakumeek oholtzaratuta. Datorren larunbatean, Zarauzko Modelo aretoan egingo dute poesia eta kantuz osatutako emanaldia.

«Gizonok askotan taularatu ditugu gizonen lanak», dio Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, Bizkaia, 1977) klubaren sortzaileetako batek; «bada garaia bestelako ahotsak ere ezagutarazteko». Hain zuzen, Barandiaran Rafa Rueda musikariarekin lanean aritu da hiru urtez, eta ohartu dira XX. eta XXI. mendeko poeta emakume askori ez zaiela behar bezalako arreta ipini. Aldi berean, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxearen bueltan ibiltzen diren zenbait gaztek Bihotz Bakartien Kluba berreskuratzeko ideia izan zuten. Horrela, ia oharkabean, Jaungoikoak ukatzen dituen emakumea naiz emanaldia egiteko aukera sortu zitzaien. Larrabetzun taularatu zuten lehenengoz, eta bigarren plaza izango dute Zarauzkoa.

Amaia Lasaren poema batean oinarrituta prestatu dute emanaldia. Izen bereko olerki bat hartu dute errezitaldiko izenburu gisa: «Hasieratik iruditu zitzaigun oso indartsua», dio Gazteluk. Hala uste du Barandiaranek ere: «Obra feministak dira. Jainkoa ukatzen du, Eliza, eta lurreko gizona». Lasaren obraren aitzakian, Euskal Herriko eta beste herrialdeetako idazle emakumeen olerkiak musikatu dituzte. Tartean, Tere Irastorza eta Arantxa Urretabizkaiaren testuak, eta baita Itxaro Bordak euskaratutako Maria Merçe Marçal idazle kataluniarraren poema bat ere.

Hamar kidetik gora dira taldean, eta guztiek hartu dute parte sorkuntza prozesuan. Batzuk olerkiak aukeratzeaz arduratu dira. Ondoren, denen artean osatu dute poesia sorta, eta, azkenik, zenbait kidek musika tresnak hartu eta melodiak osatzeari ekin diote. «Taldean osatutako sorkuntza prozesua» izan da, Gazteluren esanetan. Barandiaranen ustez, Bihotz Bakartien Klubak izandako bide bera ari da egiten talde berria: «Hasieran, beste idazle batzuen obrak hartu, eta errezitatu egiten genituen. Horren ostean, musikarekin jolasteari ekin genion, eta, azkenean, gu geu hasi ginen sortzen». Hasi berriak dira Bihotz Bakarti Berriak, baina «gogoz eta ilusioz» ekin diote proiektuari. Izan ere, erronka garrantzitsua iruditzen zaie gazteek euskal literaturaz gozatzeko espazioak sortzea. Gazteluk eta Barandiaranek Itu Banda eta Lekore aldizkaria aipatu dituzte: «Gazteok literatura sortzeko eta gure lanak zabaltzeko proiektu bikaina da». Horregatik, kezka bera duten gazteak saretzearen garrantzia nabarmendu du Barandiaranek.

Aukera berriak gazteentzat

Izan ere, euskal literaturaren eta gazteen arteko arrakala handia delakoan da Barandiaran: «Zaila da kultura transmisioa egitea, eta, horregatik, gazteek geroz eta urrunago sentitzen dute literatura». Egitasmo polita iruditzen zaio Bihotz Bakarti Berriena: «Agerikoa da euskaraz sortzeko grina dutela, eta, gainera, aurrez sortu denarekiko hausnarketa kritikoa egitea ere oso positiboa da. Hori ere bada jainko guztiak ukatzea». Gazteluk ere uste du klubeko belaunaldi berriak «freskotasuna» emango diola taldeari: «Berria da taldekide gehienak emakumeak izatea, eta berria emakumeen lanak soilik dituen emanaldi bat eskaintzea».

Bihotz Bakartien Kluba, ezer baino gehiago, «jarrera bat» dela azpimarratu du Barandiaranek: «Ikuspegi kritiko batetik ingurukoaren irakurketa artistikoa egiten genuen guk». Orain, Bihotz Bakarti Berriek jainko guztiak ukatu eta andrazkoen ahotsak ekarri dituzte oholtzara.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik