Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Txillardegi, bere garaiko eraldaketaren isla

$
0
0
Aldaketaren isla izan da Txillardegi. Aldaketa euskal literaturari dagokionez, aldaketa euskara batuaren aldeko urratsak egiterakoan, eta baita euskal politikan ere. «Txillardegik ondo jaso zuen bere garaiko errealitatearen isla», azaldu du Fito Rodriguez Txillardegi Gogoan elkarteko kideak (Gasteiz, 1955). Euskal gizartea modernitaterako bidean egiten ari zen aldaketen lekuko izan zen idazlea, eta eraldaketa horiek islatu zituen saiakera politikoen eta testu literarioen bidez. Asteburuan omenaldia egin nahi diote Txillardegiri, Zarautzen: Txillardegi modernitatearen isla erakusketa ikusgai izango da Modelo aretoan.

Aretoko sarreran Txillardegiren idazlanen inguruko panelak ipiniko dituzte. Besteak beste, haren nobela ezagunen azalen irudiak ikusi ahal izango dira; tartean, Leturiaren egunkari ezkutua-rena eta Elsa Scheelen-ena. Garoa liburu dendan, berriz, Txillardegiren objektu pertsonalak eta jatorrizko eskuidatziak egongo dira ikusgai. Euskal Herriko historiaren pasarte garrantzitsuak biltzen ditu erakusketak, Rodriguezen ustez: «Testu baliotsuak eskuratu ditugu. Besteak beste, ETAren lehenengo gutuna, euskara batuaren lehenengo aldarrikapena eta Euskal Herria helburu liburuaren eskuizkribuak». Gainera, idazlearen arlo pertsonaleko bestelako objektuak ere jaso dituzte erakusketan, euskararekin, literaturarekin eta politikarekin harremana duten beste elementuekin batera.

Erakusketaz gain, Elsa Scheelen nobelaren irakurketa dramatizatua ere egingo du Txillardegi Gogoan elkarteak larunbatean, Modelo aretoan. «Duela hiru urte, Euskal Herriko zenbait aktore, idazle eta musikari bildu ginen emanaldia prestatzeko, eta Donostiako Miramar jauregian aurkeztu genuen EHUren Udako Ikastaroetan», gogoratu du Rodriguezek. Aurten, idazlearen heriotzaren bosgarren urteurrenean, berriz heldu diote proiektuari.

Hain zuzen ere, Txillardegik XX. mende erdialdeko testuingurua nola jaso eta jorratu zuen azaltzeko, adibide jarri du Rodriguezek Elsa Scheelen nobela: «Oso protagonista aurrerakoia da Elsa; emakumea eta polemikoa». Nobelaren gaia bera ere «modernoa» da: drogak, dibortzioa, suizidioa... nahasten dira istorioan. Liburuaz haratago, ordea, Txillardegik euskal literaturara idazteko modu berria bat ekarri zuela uste du Rodriguezek: «Literaturan beharrezkoak dira bi ispilu. Literatura klasikoan, gizartean gertatzen dena islatzen dute idazleek. Modernoan, berriz, barne ispiluak ageri dira. Txillardegik, bi ispiluekin jolasten jakin zuen».

Gainera, haren lanetan Euskal Herriko testuingurua islatzen asmatu zuela dio Rodriguezek. Eta areago, bere garaiko Euskal Herriari «ekarpena» ere egin ziola oroitarazi du: «Euskal Herria lurralde gisa aldarrikatu zuen, ETAren sortzaileetako bat izan zen, baita euskara batuaren sustatzaile nagusietako bat ere». Txillardegi «polimata» izan zen, haren ustez: «Gizartea eta testuingurua aldatu egiten da, eta pertsona batzuk giltzarri izaten dira uneko aldaketen jabe egiteko eta mundu ikuskera aldarazteko. Horietako bat izan zen Txilardegi».

Modernitatera jauzi eginda, idazle donostiarrak existentzialismoaren ildotik egin zuen bidea. Bere garaiko «euskal literatoek» jarritako oztopo ugari gainditu behar izan zituen, ordea: «Leturiaren egunkari ezkutua idatzi ostean, kritika gogorrak jaso zituen, eta zortzi urtez egon zen ezer argitaratu gabe», azaldu du Rodriguezek.

Ahanzturan eror ez dadin

XX. mende erdialdean aitorpenik jaso ez zuen bezala, Txillardegiren heriotzaren ostean ere, errekonozimendurik eduki ez duela iritzi dio Rodriguezek. Gogoan du idazlea hil eta berehala hainbat idazlek eskakizuna egin ziotela Donostiako Udalari Udal Liburutegiak haren izena har zezan. Bost urteren ostean, udalak ez du aldaketarik egin, eta kalerik ere ez dago haren izenean. Horregatik, Txillardegi Gogoan taldeak salatu du Donostiako Udala «boikota» egiten ari dela, eta adierazi du beharrezkoa dela idazlearen izena hiriko «paisaia linguistikoaren» parte izatea; «hala merezi duelako». Instituzioek urratsik egiten ez dutela ikusita, taldekideek berriz ekin diote Txillardegiren ondarea zabaltzeari.

Horregatik, azaldu dute asteburuan Zarautzen egingo duten ekitaldia ez dela aitzakia hutsa: «Ez zaio egin, inoiz eta inon, merezitako omenaldia». Egitasmo berri honen bitartez, taldekideak prest daude Literaturiaren harira antolatu dutena herriz herri zabaltzeko. «Ez dugu egin nahi museo batean gordetzeko eta lau literaturazalek ikusteko zerbait. Euskal kultura maite dutenek Txillardegiren ondarea jaso dezaten nahi dugu», esan du Rodriguezek. Omenaldirik onena haren lana eta eraldaketarako gaitasuna ez ahaztea dela dio.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik