Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Bad Plustarren atmosfera ikonoklasta

$
0
0

The Bad Plus & Joshua Redman

Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Uztailak 25 .

Dotorezia, da musikari hauen ezaugarri nagusia. Pianoan Ethan Iverson jauna lasaitasun sakon baten jabe gisa agertzen zaigu, soseguz. Dave King bateriarekin apal, baina ausarta, fin eta sortzaile, eskuzabal eta tinko. Reid Anderson kontrabaxuarekin zoragarri, sentsazio bereziak sortzen, bere tresna handiaren bihotzetik taupada sendoak ateratzen dira, eta, taupada horiek atmosfera apartak aurkezten dizkigute. Hirurak dira jo diren konposizioen egile, baina Anderson jaunarenak dira tema gehienak, esate baterako People Like You, beren fintasuna azaltzeko adierazle den konposizio bikaina. Esan dut lasaia eta fina dela euren musika, baina, tentsio faltarik ez dute, Faith Trough Error-en azaldu duten bezala, Ameriketako politikariei kritika eginez; orduan agertu da tensioa, bai, grina agertu behar denean The Bad Plusekoak ez dira kikiltzen.

The Bad Plus, berez, musikari hirukote bat dugu, aspaldiko lagunak, hainbat urtetan elkarlanean aritu direnak. Joshua Redman saxo jotzaile bikaina, hirukotearen gonbidatua da azken urteetan; elkarrekin egon ziren laurok, direla hiru urte Gasteizko jaialdian. Redman Kaliforniakoa dugu, eta teknika izugarria duen musikaria da. Oso ondo egokitzen da Bad Plusekoekin: jotzeko era dotorea baino dotoreagoa du, eta ez du inongo arazorik konposizio horiek eskatzen duten sentsibilitatea azaltzeko orduan.

Pianoak eta saxoak lortzen duten bat-etortzea izugarria da; batzuetan badirudi efektu bereziren bat sartu dutela soinu ekipamendutik, baina ez, maisuen elkar ulertzearen magia izan da.

Emaitza: musika ikonoklasta , garaikidea, fina, ondo baino hobeto egina, eta, gustu ikaragarri batekin jolastua. Ikusleok Kursaaleko auditoriuma betetzen dugu, txaloka eta plazerez bete, beste bat eta beste bat eskatzen... gaur ere sarrerak amaituta, gaur ere sekulako giroa, sekulako atmosfera ikonoklasta, Joshua Redman eta The Bad Plusen eskutik.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik