Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Klasikotasun berri baten peskizan

$
0
0

'The Lost City of Z'

Zuzendaria: James Gray. Aktoreak: Charlie Hunnam, Sienna Miller, Tom Holland. Herrialdea: AEBak. Iraupena: 140 minutu.

Zinez interesgarria da James Gray zuzendari estatubatuarra egiten ari den ibilbide patxadatsu baina sendoa. Poliziaren eta krimenaren munduko lanekin hasi zen —The Yards, We Own the Night—; gero, hortik urrundu, eta bere orain arteko gailur zinematografikoa egin zuen: Dostoievskiren itzala zuen Two Lovers bikaina.

The Lost City of Z honen aurreko lana da The Immigrant, eta horrekin urrats berria egin zuen, Elia Kazanen molde klasikoa eta Scorseseren garaikidetasuna uztartuz. Orain, film berriarekin, klasikotasunaren aldeko hautua berretsi du Grayk, «gaur egun jada ez dira holako filmak egiten» talde preziatuari lan bat gehituz.

Hiru elementu oso diferenteren uztartze konplikatua da filma, hor baitaude abenturazko genero ahantzia, pertsonaien barne gatazken planoa —non emakumeen independentzia aldarriak berebiziko garrantzia hartuko duen— eta XX. mendeko testuinguru historiko gatazkatsua —kolonialismoa zein gerra dira atal horretan nagusi—.

Hiru lerro horien sintesi harrigarria lortuko du filmak, berez oso konplikatua den oreka ia erabatekoa lortuz. Horrela, oihanaren sekuentziek harmonia osoz eginen dute bat Irlandako zein Londresko atseden mementoekin. Betiere, horien inguruan amaitzen ari zen aro baten itzala: Europa erabateko krisian murgilduta, eta errealitate gordin bihurtuko diren gerra hotsak.

Fotografia eder batez lagunduta, eta interpretazio lan on batekin —beharbada protagonista da denen artean makalena—, The Lost City of Z egungo zinema garaikidearen korronte nagusietatik kanpo dagoen pelikula da. Hala ere, ez da oso urruti joan behar erroak non dituen ikusteko, eta bilaketa horretan zinemagintza garaikideko izen handiak aurkituko ditugu: besteak beste, Werner Herzog (Fitzcarraldo), Terrence Malick (The New World), Francis Ford Coppola (Apocalypse Now) edo Stanley Kubrick bera (Paths of Glory). Ez dira ez bidelagun makalak klasikotasun berria eraikitzeko.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik