Bi anaia danimarkar rock'n'roll zaleen egitasmo ero, parrandazale eta atomikoa da Powersolo, lan berri honetan bildutako hamalau doinuen izenburuei erreparatzea baino ez dago: Sexu Festa Jurasikoa, Bi Burudun Emakumea, Larruzko Trajea edo Boom Babba Do Ba Dabba. Jon Spencer bikotearen jarraitzaile sutsuen artean dago; hortaz, irakurleak erraz irudika dezake kantuon soinua: rockabilly koipetsua, blues elektrikoa, country kalamastra, surf kutsuko gitarrak eta pasarte exotikoak. Fruitua lokatz hutsa da: 1950eko eta 1960ko hamarkadetako soinu zaharrak besarkatzen dituen grabazio zurruteroa, Hasil Adkins, The Cramps eta Southern Culture on the Skids elkarrekin oheratuko balira bezala, hezurdurak eta botilak ondo astindu ostean.
↧