Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Deskubritzean «bururaino» joan nahi du EHZ festibalak aurten

$
0
0
Urterik urte irauten duen festibala da Euskal Herria Zuzenean. 22. ekitaldia egingo dute aurten, ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta 2an, Lekorneko (Lapurdi) Garro gazteluaren inguruko zelaietan. Atzo aurkeztu zuten aurtengo egitarauaren zati nagusia; deskubritze musikalaz gain, ikusgarri andana eta gogoetarako tartea ere izanen dira. Egoera ekonomiko «zailean» direla errepikatu dute, antolatzaileek.

Orain dela bi urte 20. urteurrenaren ospakizunak iragarri zituztenean, programazio arloan «bihurgune» bat hartzeko borondatea erakutsi zuten EHZko antolatzaileek, «afixa-buruen lehiatik atera», eta programazio musikala kalitate artistikoan eta deskubritzean oinarrituta. «Aurten, zinezko lana egin dugu ildo horretan bururaino joateko, eta kasik talde guztiak deskubritzeak izanen dira. Halaber, genero oreka ere lantzeko asmoa izan dugu, maleruski, emakumeak ez direlako taula gainean aski ikusten», azaldu du Loretxu Etxemendi EHZko kideak. Horren erakusgarri dira Kumbia Queers eta Nova Twins. «Beren estiloan erreferentziak dira, alta, EHZn ez dira sekula aritu, eta Euskal Herrian ere, guk dakigula, ez, edo arras guti». Aipatzekoak dira, halaber, afrikar erritmoak, jazz eta soul influentziak nahasten dituen Akua Naru hip-hop kantaria, eta moog-rock estiloa proposatzen duen Duchess Says taldea. Etxemendiren arabera, «beraien zuzenekoak performanceak bilakatu dira urteekin, eta beti intentsiboak gelditzen dira». Euskal Herriko taldeak ere ikusten ahalko dira Lekornen, tartean, aurten agertoki gainera itzuliko den PiLT, Zea Mays eta Huntza taldeak. Ondoko asteetan, talde gehiago ere iragarriko dituzte.

Baina EHZn dena ez da musika, eta aurten ere gogoetari tarte zabala egingo diote. Eztabaida gunean lehenik, gaur-gaurko gaiak ardatz harturik antolatu dituzten bi hitzaldietan. Liam O'Ruairc filosofo eta idazle irlandarrak Irlandako bake prozesuari eta ondorengo bilakaera politikoei buruz mintzatuko da, Bake ala pazifikazio? Autodeterminazioa bake prozesuan izenburua jarri dioten eztabaidan. Halaber, Euskal Herrian eta nazioartean izan diren borroka batzuen inguruan ere gogoetatuko dute, Erresistentzia bai, baina gero zer? galderari erantzuten saiatuta. Gasteizko Errekaleor auzoko kideak, Notre-Dame-des-Landeseko ZADekoak eta Eleak/Libre plataformako ordezkariak izanen dira hitza hartuko dutenak.

Festibaleko Brigada Ubelak ere antolatu ditu bereak. Besteren artean, «ideologia maskulinista deseraikitzeko» tailerra eta ekonomia feministari buruzko hitzaldia antolatu dituzte. Halaber, hiru egunetan Gune Ubela atxikiko dute aurten ere. «Gune goxo eta aske bat izanen da, eta edozein gai, kezka, duda edo ideia hausnartzeko gunea. Emakume eta gizon orori irekia», azaldu du Naiara Saralegi Brigada Ubeleko kideak. Eraso sexisten kontrako protokoloa lantzen ere segituko dute. Aurten, EHZko lantalde guztiei aurkeztuko diete dokumentua. «Pentsatzen dugu protokolo hori jarrera sexistei erantzuteko tresna bat dela, eta sustut, jarrera sexistak identifikatzeko tresna bat izan daitekeela, ohartzen baikara laguntzaileen artean ere feminismoaren gaia jorratzekoa dela EHZn».

Ikusgarrien aldetik, zirkua, antzerkia, dantza, ilusioa eta beste gauza andana hitzeman dute EHZko antolatzaileek. Horien artean, The Books Are Made for Walking ikusgarria. Zirkua eta akrobazia nahasten dituen emanaldia, ospitale psikiatriko bateko liburutegian kokatzen da. Maylis Calvet antolatzailearen iritziz, «artista horien artean gordetzen da, gehienetan, festibalaz atxikiko duzuen momenturik onena».

Azken urteetan anitz garatu da Haurren Xokoa, eta zinezko programazio bat osatu dute gazteenentzat. Larunbatean eta igandean izanen dira hitzordu nagusiak. «Egun guztian irekia izanen da, eta tailer eta ikusgarri andana izanen dira proposatuak», azaldu du Idoia Rodriguezek. Ixabel Millet ipuin kontalariak landu duen Izarren hautsa ikusgarria izanen da horietako bat, EHZn estreinatuko duena. Halaber, Yoseikan Budo borroka artea ezagutzeko, edo norberak xaboia egiten ikasteko tailerrak ere izanen dituzte haurrek. Kazetaritzara trebatzeko aukera ere izanen dute, kamera eta mikroa eskuan, festibaleko giroan murgildu eta «festibalariak kitzikatzeko».

Ekonomikoki, kili-kolo

Urte zailak pasatzen ari da EHZ festibala, izandako gorabeherek eragindako zorrei ezin aurre eginda. Finantzaketa kolektiborako deia egin zuten abenduan, eta 27.000 euro bildu zituen 348 pertsonaren laguntzari esker. Tokiko enpresa batzuek ere eman dute laguntza. Guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie elkarteak. Baita beraiekiko «konfiantza atxiki» duten hornitzaileei ere, horiek pairatzen baitute galera ekonomikoa. Baina EHZk argitu du pixkanaka guztiei ordaintzen ari dela.

Anartean, salmenta abian da. Hiru eguneko abonamendua 50 euroan eskuratu daiteke —60 lekuan berean—. Igandekoa 10 euroan jarri dute —12, tokian—, eta ostiral eta larunbatekoa 25 euroan izanen da —30, tokian—. Ohiko lekuetan daude salgai txartelak.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik