Ez zituen liburu batean argitaratuak izateko idatzi. Ez zion uko egin, hala ere, liburuan emateari. Antonio Lobo Antunes (Lisboa, 1942) ofizialki idazle bihurtu aurreko idatziak dira D'este viver aqui neste papel descripto: cartas da guerra liburuan bildutako gerrako gutunak. Angolara, koloniara soldadutza egitera bidali zuten metropoliko mediku gaztea, 28 urteko Lobo Antunes hura. Soldadutza, benetakoa, askatzeko borrokan ari zen herri baten kontra egitera joan baitzen, Portugalen alde. «Angola ikaragarri maite dut. 27 hilabetez bizi izan nintzen han. Jendea hiltzeko, eta jendeak ni hiltzeko egon nintzen han, eta luze bizi izan naiz», zioen duela lau urte egunkari honetan idazleak berak, Bilboko Gutun Zuria jaialdira etorri zenean. Hil ez, baina belarri bat gortuta bueltatu zen Afrikatik.
Ordutik, ez du maite izan gerrari buruz gehiegi hitz egitea. Angolan girotu zuen Comissão das Lágrimas (Malkoen batzordea, 2011) lanari buruz nabarmendu zuen, esaterako, ez zitzaiola interesatzen gerrari buruzko liburuak idaztea: «Muturreko egoeretan dauden pertsonak interesatzen zaizkit. Angolan nengoela, desertatu egin nahi izan nuen, baina kapitainak esan zidan: 'Ez joan, iraultza barrutik egiten baita, ez Parisko kafetegietan'. Arrazoia zeukan».
Mediku militar lanak bete zituen gerra kolonial hartan Lobo Antunesek, baina gerra kronika gutxi handik bidalitako gutunetan. «Armakideekin landu zuen enpatia batez ere. Han sortutako portuges zuriak ere —Angolak independentzia lortu zuenean ez hango ez hemengo bihurtuko zirenak— agertzen ditu. Gutunotan ez du ezer esaten ez kolonialismoaren kontra ez armadaren kontra. Agintarien kontra bai, baina besterik ez», dio Iñigo Roque Eguzkitzak (Barakaldo, Bizkaia, 1976).
Lobo Antunesen Gauzen ordena naturala (Literatura Unibertsala, 2013) itzulia da Roque, eta Angolako frontetik bidalitako gutun haietan gerora loratuko zen idazlearen zantzuak ageri direla dio. «Zalantzarik gabe, bai». Dena kontatzea ezinezkoa izango zitzaion gerra egoera batean idatzitako gutunak dira, seguruenik; hurrengo goiza ikusiko ote zuen ez dakienaren irrikaz sortuak.
Emaztearen eskariz
Idatzien testuinguruak eta idazteko baldintzek bakarrik ez: Lobo Antunesen Angolako gerrako gutunen argitalpenak ere baditu ezaugarri bereziak. Hasteko, egile eskubideak Maria Jose eta Joana alabenak direlako, ez bereak. «Bere bibliografiaren barruan sartu ohi du Lobo Antunesek liburua, baina aparte bezala beti», nabarmendu du Roquek.
Gerrako gutunen liburua ez zen idazlearen ekimenez argitaratu, izan ere, bere lehendabiziko emazteak hala nahita baizik. «Emakume hura hil berritan ikusi zuen argia liburuak, 2005ean. Alabek atondu zuten. Eta idazleak ezetz esan zezakeen, baina emazteagatik onartu zuen argitaratzea, andre haren eskuzabaltasunari esker egin zelako idazle parte handi batean».
Maria Jose Xavier da Fonseca. Ze. Emazte hura. Ezkondu eta sei hilabetera —uniformea soinean etaVera Cruz ontzian— Angolara abiatu zen senarrari nasa batetik agur esan ziona. 1971ko urtarrilaren 6a zen. Umedun zegoen. 20 urte berde zituen. Gau hartan bertan idatzi zion lehen gutuna senarrak: «Azaldu ezineko minez naiz dagoeneko, eta bakardade neurrigabez». Ehunka idatzi jasoko zituen segidan. Bi urteko egonaldiaren egunerokoa, Angolaren edertasuna, grina, alaba txikia ezagutzeko gogoa, asperdura, herrimina, bien arteko maitasuna agortzeko beldurra eta idazle bihurtzeko nahia tartekatzen zituzten hitzez betea.
«Alabetako batek esana da gutunena ez dela gerra liburu bat, gerratikoa baizik», gogoratu du Roquek. Baina gerra hark goitik behera eta betirako zeharkatu zuela, ez da zalantzarik. «Askotan esan izan da, eta egia da: Lobo Antunes guztiz bestelakoa litzateke gerran ibili ez balitz. Psikiatria ikasitakoa zen, eta familia onekoa. Portugalen geratu izan balitz, horrelako bizipen gogorrik bizi izan gabe... Bere liburuetan etengabe ateratzen da Afrika». Egungo Lobo Antunesen eta ordukoaren artean alde nabarmenak dauden arren. «Sekulako garapena izan du gero haren literaturak. Gaur egun gero eta gehiago jotzen du isiluneetara».
Idazleak berak ere aitortua du gerra hartan bizitakoen eragina. Esaldi honetan, ezin argiago: «60 urteren buruan, amesgaiztoak edukitzen segitzen duzu, parte hartu izan zenuen kontu izugarriengatik. Galdetzen dudana da zergatik ez den erruduntasunik sentitzen, zergatik ote den hain erraza bestea eta norbera hiltzea».
1973an Angolatik bueltatu zen gizon gazteak ez zuen erantzunik ekarri. 1974ko apirilaren 25ean Portugalgo diktadura amaitzeko militarrek jo zuten kolpeak, Krabelinen Iraultzak, iraultza pertsonal betean harrapatu zuen Lobo Antunes: idatziz hainbeste gurtutako emaztearengandik apartatzeko bidean. Gutunez betetako kutxa batekin eta bi alabarekin geratu zen Ze. Psikiatrian espezializatu zen Lobo Antunes. Bospasei urterekin idazten hasi zena, hemezortzirekin jenioa izango zela erabaki eta hogeita zortzirekin gerra fronteak hebain zuena, psikiatra lanetan zentratu zen. 37 urterekin lehen literatur lana —Memória de Elefante, (Elefante memoria, 1979)— argitaratu zuen arte. Berehalakoan lortu zuen arrakasta. Ordutik, dozenaka liburu eman ditu argitara. Baita hamaika sari jaso ere. Suediako Akademiaren Nobela ez, urtero hautagaien zerrendan agertu ohi den arren. Portuges idazle handienen artean aipatua da beti. Liburu, sari eta aipamen artean, gerrako bere gutunen hartzailea minbiziak jo zuela jakin zuenean, ondora joan zitzaion Lobo Antunes. Elkarrekin egon ziren atzera Ze hil arte. Idazleari egokitu zitzaion orduan nasatik agur egitea.
Filma
Lobo Antunesen gerrako gutunak ez ziren liburua osatzekotan idatzi. Film bilakatzekotan, are gutxiago. Bilakatua da, bada. Iazko Berlinalen estreinatu zuen Ivo Ferreirak Cartas da guerra pelikula. Joan dean astean estreinatu zuten Frantziako zinema aretoetan, Lettres de la guerre izenburupean. Zuri-beltzeko filma da. Miguel Nunesek jokatzen du idazlearen rola, Margarida Vila-Novak emaztearena.