Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Chucho Valdes, Bill Evans, Dean Brown eta Andrzej Olejniczak izango dira Getxoko Jazzaldian

$
0
0

Jazzaren esparrutik kanpora ere heltzen da Chucho Valdes piano jotzaile kubatarraren itzala, eta, jakinarazi berri dutenez, haren kontzertuak amaituko du Getxoko 41. jazz jaialdia aurten. Bebo Valdes piano jotzaile ezagunaren seme eta jazz afro-kubatarraren erreferente nagusietariko bat da Chucho Valdes, eta Gaston Joya kontrabaxu jotzailearekin, Rodney Barreto bateria jotzailearekin eta Yaroldy Abreu perkusio jotzailearekin izango da Euskal Herrian. Uztailaren 2an arituko dira zuzenean, Biotz Alai plazako agertokian, baina izen handi gehiago ere jakinarazi dituzte antolatzaileek: Andrezj Olejniczak saxo jotzaile poloniarrak abiatuko du jaialdia, ekainaren 28an, eta hurrengo egunetarako Bill Evans saxo jotzailea eta Dean Brown gitarra jotzailea ere konfirmatu dituzte.

[youtube]https://youtu.be/8JiryNScLFc[/youtube]

Olejniczak-ek 60 disko inguruko ibilbidea du, eta Poloniako saxo jotzaile ezagunenetariko bat da, nahiz eta Bilbon bizi den 1984az geroztik. Gerry Mulligan eta Kenny Drew-rekin aritu izan da elkarlanean, eta nabarmentzekoa da pop, rock eta flamenko artistekin izandako hartu-emana ere. Besteak beste, oholtzan izan da Mecano, Miguel Rios eta Orquesta Mondragon taldeekin. Ekainaren 28an izango da jaialdian, eta Chopinen musika oinarri harturik inprobisatzen arituko da Michal Tokaj, Michal Baranski eta Jim Doxas musikariekin batera. Ekainaren 28an izango da haien kontzertua.

Laukotean arituko da Bill Evans saxo jotzailea Getxon, ekainaren 30ean. Dean Brown gitarra jotzailea izango du alboan, eta baita Keitch Carlock eta Etieen Mbapp musikariak ere. Badu ibilbidea Evansek ere. Miles Davisen taldean aritu zen 80ko hamarkadan, eta Grammy sarietarako izendatu zuten Soulgrass diskoagatik, 22 urte baino ez zituenean.

Sarrerak, maiatzetik aurrera

Aurrez, John Abercrombie eta Dianne Reeves musikarien emanaldiak ere baieztatuak zituzten antolatzaileek. Ekainaren 29an arituko da Abercrombie, eta uztailaren 1ean Reeves. Guztira, hamazazpi emanaldi izango dira. Zehaztu dutenez, ordea, oraindik ez dago sarrerak erosteko aukerarik. Maiatzean hasiko dira saltzen, eta Kutxabanken webgunearen bidez erosi ahalko dira, baita Algortako kultur etxera deituta ere, 944-91 40 80 telefonoan.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik