Quantcast
Channel: Berria.eus
Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Sinbolismo abstraktua

$
0
0

'Thomas Noone Dance'

Koreografia: Thomas Noone. Laguntzailea: Nuria Martinez. Argiak: Thomas Noone eta Enric Alarcon. Dantzariak: Javier G. Arozena, Alba Barral, Jeronimo Forteza, Eleanora Tirabassi. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Martxoak 25.

Katalunian duen egoitzatik Euskal Herrira etorri da Thomas Noone britainiarraren konpainia, eta ekarri duen egitaraua iraupen ertaineko bi piezarekin osatu da.

Lehen zatiak Until the End (Amaiera arte) izena hartu du eta hasierako unetatik barneratu dugu Nooneren aukera araztasunaren aldekoa zela. Agertoki hutsean gris-urdinxka koloreko kamiseta eta prakak jantzi dituzte emakumeak eta gizonak, foku zuri gutxi batzuek argiztatu dute eszena, eta kolore bakarra bigarren gizonaren elastiko horitik etorri da, baina Miguel Marinen soinu-giroak in crescendo erritmiko leun baten tankera hartu du noizean behin eta ñabarduraz betea egon da une oro. Dantzaren arteak denboraren atzaparretatik atera ahal gaitu, tarte mugatu batez izan arren, eta denborarik gabeko eremu hartan intentsitate handiko ariketa emozional batean sartu dira hiru dantzariak, oin bakarraren gaineko oreka-posizioei distira berezia emanez eta sinbolismo abstraktuaren bideetatik gero eta urrunago joanez.

Planteamenduaren kanpoaldean geratuta, irudi lezake amodio-hiruki klasikoaren paradigman egon gintezkeela, baina koreografoak askoz harago joan izan nahi du, eta muturreko edertasuneraino bultzatu du mugimenduaren diseinua hiru dantzarien estilo estralurtarrean eta haien kalitate ukaezinean bermatuta.

Breathless (Arnasestuka) izeneko piezan aurrekoaren ezaugarri berberak errepikatu dira, dantza zaletuon gozamenerako. Bigarren atal honetan dotoreago jantzi dira dantzariak, eta beste emakume bat integratu da lehen piezako hirukotean. Aurrekoan bezala, sinbolismo abstraktuaren bideetatik ibili da koreografoaren gogoa, baina oraingo honetan botere-harremanak izan dira balizko gai ia subliminala. Jim Pinchenen musika iragarleak nolabaiteko antzekotasuna eduki du lehen atalean entzundakoarekin, eta argiak zuriak izan dira ostera ere, erdialdean izandako su kolorekoa izan ezik. Noonek, bitartean, muturreko konplexutasuneko arabeskoak diseinatu ditu dantzarientzat bere hiztegi koreografiko aleatorioan, eta proposamena gero eta kriptikoagoa egin zaigu, lau dantzariak eldarnio kolektibo moduko batean murgildu direnean.

Thomas Noone konpainiaren etorrera honekin berriz ere esploratu ditugu dantzaren eremu mugagabeak eta bere dantzariekin lekualdatu gara artista zailduek iragartzen dizkiguten lurralde miresgarrietaraino.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 13990

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik