The Limboos talde madrildarraren bigarren lana inoiz baino exotikoago dator, —haien hitzetan, Exotic Rhythm & Blues jotzen dute—; izan ere, erritmo afroamerikarretan bustitako hamaika doinuotan bestelako oihartzun tropikalak antzematen dira. Hala, grabazioko kantu onena, Crazy Rumba, latindar kutsuko dantza frenetikoa da; I'm A Fool jamaikar erritmo beroekin txigortu dute eta Blue Dream, berriz, bossa pintzeladekin margotu. Bestalde, I don't Buy It abestiak swing giroak haizatzen ditu; Calypso Drunk New Orleans hiriko lokatzarekin lohitu dute... Eta, horrela, hamaika harribitxi beltz eta dantzagarri osatu arte. Instrumentazio aldetik, bikaina da, konponketa itzelekin apaindua, eta Mike Maricondaren ekoizpen sendoarekin bildua.
↧