"Nobela gay bat da, baina ez da nobela gay bat". Hala azaldu du Olasagarrek prentsaurrean. Hemeretzi urte elkarrekin daramaten bi gizonezko ditu protagonista, sexu gutxiko garaia pasatzen ari direnak. Dena den, "askoz gehiago" dira nobelan ageri diren pertsonaiak, eta dozena bat inguru dira presentzia handia dutenak.
Hainbat gai ukitu ditu, ikuspuntu jakin batetik: "Gay partikulartasunetik unibertsaltasuna kontatzen saiatu naiz: munduaren izkina horretatik nire irakurketa egin dut". Azaldu duenez, "belaunaldi zehatz bateko gay batzuen" ikuspegia islatu du, "mundu hobeago bat" bilatu dutenena; "Badu desberdintasunetik mundua aldatzeko nahi bat". Era berean, "identitateei buruzko erreflexioa" egin nahi izan du.
Hogei urte inguruko epean kokatu ditu nobelako gertaerak: "1992an hasi eta 2015 ingurura arte, Zorrotzaurre irlako (Bilbo) obrak egiten hasi aurretik". Eta Bilbo eta Iruñea ditu kokaleku nagusiak.